Moodle plataformaren bidez sareko ikastaroak sortzeko ikastarONline ibilbidea abiatu du UEUk

Ezkerretik eskuinera: Ireide Arriolabengoa, Kepa Sarasola eta Abel Camacho.
UEU
Actualizado: jueves, 8 septiembre 2022 13:12

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ikastarONline egitasmoa aurkeztu du ostegun honetan, Moodle plataformaren bidez sareko ikastaroak sortzeko ibilbidea, hain zuzen. Lau moduluko eskaintza berriaren bidez, hezkuntza testuinguru guztietarako baliagarri diren ikastaroak sortzeko gaitasuna sustatu nahi du UEUk.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Ireide Arriolabengoak UEUko Online Irakaskuntzako arduradunak eta Abel Camacho ikastarONline egitasmoko arduradunak parte hartu dute ekimenaren aurkezpenean.

ikastarONline ibilbidea modularra da eta orotara 120 orduko iraupena du, 30 orduko lau modulutan banatuta. Ibilbidearen amaieran, modulu guztiak arrakastaz egindakoan, UEUk aditu agiria emango dio sareko ikastaroak sortzeko gaitasuna ziurtatzen duenari. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Arriolabengoak zehaztu duenez, "UEUk online irakaskuntzaren irakasle bezala gaitzeko eman dituen ikastaroak berrikusteko premiak, azken urteetan alor honetan UEUk ikastaro eskaeraren hazkuntzari aurre egiteko gaitasuna izateak, eta pandemiak alor honetako formakuntzaren premia agerian jarri duela hezkuntza komunitatean" izan dira ikastarONline egitgasmoa sortzeko arrazoiak.

Ibilbidea 2025eko ekainera arte egongo da indarrean, baina izen-ematea ikasturteka irekiko da. Oraingoan, 2022-2023ko ikasturteko moduluak eta datak argitaratu dira.