Motozaleei zuzendutako bide segurtasuneko saioa antolatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ostiralerako

Motorista bat
GAS BIKER - Archivo
Actualizado: jueves, 11 octubre 2018 16:43

BILBO, 11 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bide segurtasunaren inguruko ekitaldi bateratu bat antolatu dute ostiralerako, urriaren 12rako, Los Arcoseko zirkuituan (Nafarroa), eta zilindrada ertaineko eta handiko motorrak gidatzen dituzten 50 motozalek parte hartuko dute. Helburua da segurtasunez gidatzeko ohitura batzuk sustatzea oinezkoekin eta txirrindulariekin batera ahulena den kolektiboetako batean.

Prestakuntza ekintza Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute, Unión de Moteros Europeos elkartearen bitartez, trafikoaren eta bide segurtasunaren arloan lankidetzan arutzeko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak duela bi urte izenpetu zuten protokoloaren baitan.

Ekimenaren baitan, motozikletak segurtasun handiagoz gidatzera bideratutako hainbat ariketa egingo dira. Parte hartzaileek oinarrizko kontzeptu praktiko batzuk ikasiko dituzte, hala nola motozikleta kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko modu ezberdinak, hiriko eta hiriarteko trafikoan izan behar duten posizionamendua edo egoeran araberako trazadura. Era berean, azken belaunaldiko segurtasun pasiboko ekipoak erakutsiko zaizkie, besteak beste, airbag duten eta istripua izanez gero lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten duten motozaleentzako jantziak.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera eta Nafarroako Gobernuko Trafiko eta Bide Segurtasuneko buru Eugenio Vila ere bertan izango dira, 50 motozalerekin batera. Bi txanda izango dira: batzuek goizez egingo dute saioa, 09:00etatik 13:00etara, eta besteek arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara. Segurtasunez gidatzeko zirkuituko praktika 11:30ean eta 17:30ean egingo da.

Ekitaldia antolatu da bi administrazioak kezkatuta daudelako errepideetan hildako eta zauritutako motozale kopurua gehitu delako eta arrisku taldeetako bat delako, txirrindulariekin, 65 urtetik gorakoekin, 14 urtetik beherakoekin eta oinezkoekin batera. Joan den urriaren 8ra arte, bost motozale hil dira Gipuzkoan, beste horrenbeste Bizkaian, eta hiruna Araban eta Nafarroan.