Muriel Box zuzendari eta gidoilari ingelesari eskainitako atzera begirakoa, 66. Donostia Zinemaldian

Muriel Box
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: viernes, 9 febrero 2018 13:14

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Espainiako Zinematekak eta Donostia Zinemaldiak Muriel Box zuzendari eta gidoilari ingelesari eskainitako atzera begirakoa antolatu dute jaialdiaren 66. ediziorako, Euskadiko Filmategiarekin, Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean. 66. Donostia Zinemaldia irailaren 21etik 29ra ospatuko da.

Zinemaldiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Muriel Boxen (1905-1991) obraren ezaugarri nagusia gai konplexuak eta galaraziak tratatzea izan zen, besteak beste, prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez legitimoak edo nerabeen arteko sexua. Gainera, "aparteko buru argitasunez eta ausardiaz" tratatu zituen, filmak zer-nolako testuinguru sozial eta politikotan egin ziren kontuan hartuta. Zuzendari ingelesak gai horietan egindako ekarpena "funtsezkoa" da 1950eko hamarkadaren eta 1960koaren lehen erdiko zinema ingelesean.

"Haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudi gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko. Zinemazaleen artean nolabaiteko ospea duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baino ez dira jaso zinemaren historia orokorrean", azaldu dute.

Muriel Box zinema independentearen kanonetan sailka daiteke, genero klasikoetako gaiak landu zituen arren, hala nola melodrama, komedia, poliziakoa edo zinema historikoa. Zinema zuzendari gisa egin zuen lana zinema britainiarraren aldaketa aro batean kokatzen da: ordukoak dira Ealing ekoiztetxearen komediak, beste zinemagile independente batzuen lanak (Michael Powell eta Emeric Pressburger) eta lan dokumental kritikoen jaiotza, gero Free Cinema bilakatuko zena.

1905eko irailaren 22an jaio zen New Malden-en (Surrey, Londres), Violette Muriel Baker izenarekin, eta "script" modura hasi zen zinemaren munduan. 1935ean Sydney Box idazlearekin ezkondu zen eta, bien artean, handik bost urtera, Verity Films ekoiztetxea sortu zuten, gerra propagandarako film laburrak finantzatzeko asmoz, Bigarren Mundu Gerran. Murielek "The English Inn" (1941) film laburra egin zuen Verityrako.

Hainbat antzezlan idatzi zituen, senarrarekin batera, antzerki talde amateurrentzat. Gerra ostean, senarra Gainsborough Pictures ekoiztetxeko zuzendari egin zutenean, Muriel gidoigintza saileko arduradun izatera pasatu zen eta "The Lost People" (1949) gerraondoko drama zuzendu zuen. Filma Alemaniako antzoki batean dago kokatua, non bi soldadu britainiarrek hainbat iheslari zaintzen baitituzte.

1951n, Sydney Boxek London Independent Producers sortu zuen, eta bertan Murielek garai hartan ongi ikusiak ez zeuden hainbat gai tratatu zituen, ia beti Murielek eta senarrak idatzitako gidoiekin. Egile begiradaren eta genero zinemaren arteko nahasketa batetik abiatuta lan egin zuen, eta hori da, hain zuzen, bere bereizgarri nagusietako bat.

Pribilegio batzuk izan bazituen ere, zinemagintzaren hainbat aurreiritzi maskulinori eta femeninori aurre egin behar izan zien: aurreko urtean Jean Simmons aktoreak ahaleginak egin zituen Murielek ez zezan "So Long at the Fair" (1950) filma zuzendu eta, azkenean, Terence Fisherrek eta Anthony Darnboroughek zuzendu zuten.

14 FILM

Muriel Boxek 14 film luze zuzendu zituen 1949 eta 1964 artean, baita labur bat ere. Horien artean, sexuen arteko gerraren inguruko komedia erromantiko bitxiak nabarmentzen dira: "To Dorothy a Son" (1954), "Simon and Laura" (1955), "The Passionate Stranger" (1957), "The Truth About Women" (1957) eta "Rattle of a Simple Man" (1964).

Dramaren arloan ere lan "distiratsuak" ditu: "The Beachcomber" (1954), "This Other Eden" (1959) eta "Too Young to Love". Kontakizun kriminal bitxiak ere filmatu zituen: "Street Corner" (1953), "Eyewitness" (1956) eta "Subway in the Sky" (1959).

1946an, Murielek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako "The Seventh Veil" filmagatik; Compton Bennett izan zen zuzendaria. Bera izan zen gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen bigarren emakumea, Frances Marionen ondoren.

Behin Donostia Zinemaldian proiektatu ondoren, atzera begirakoa Espainiako Zinematekan, Madrilen, eta Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekan ikusi ahal izango da, hurrengo urrian eta azaroan.