NanoGUNE zentroak hamargarren urteurreneko ekitaldia egingo du asteazkenean, Donostian

Nanogune
NANOGUNE - Archivo
Actualizado: lunes, 28 enero 2019 13:27

   DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   NanoGUNE berrikuntza institutuak hamar urte bete ditu, eta urtemuga ospatzeko ekitaldia antolatuko du asteazkenean, urtarrilaren 30ean, zentroaren egoitzan, Donostian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela.

   Zentroko arduradunek adierazi dutenez, NanoGUNEren helburua da Euskal Herria nanozientziaren eta nanoteknologiaren nazioarteko abangoardian kokatzea. Horrela, hamar urteotako ibilbideak "emaitza oparoak" izan ditu, besteak beste, 25 herrialdetako 100 ikertzaile inguru, 800 argitalpen zientifiko baino gehiago, bost enpresa teknologiko, 14 patente edota 40 doktore tesi inguru.

   Orain, hamargarren urteurrena ospatzeko, jarduera programa zabala osatu du, eta horrela, besteak beste, workshop zientifikoa, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi publikoak eta bisita gidatuak eskainiko ditu "nanoGUNEren muinak ezagutzeko".

   Horrela, asteazkenean, urteurreneko ospakizuna 12:00etatik 13:30era egingo da, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Jose Maria Pitarke zentroko zuzendariak eta Pedro Miguel Etxenike zentroko lehendakariak parte hartuko dute, besteak beste.

   Arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara, komunitate zientifikoari zuzendutako workshop bat antolatuko da, lehen mailako lau hizlari gonbidaturekin: John Pendry (Imperial College), Frank Koppens (ICFO), Anna Fontcuberta (EPFL) eta Jean-Marie Lehn (Estrasburgoko Unibertsitatea).

   Jarraian, 19:00etatik 20:30era arte, Jean-Marie Lehn eta Maria Vallet Regí (Madrilgo Complutense Unibertsitatea) hizlariek nanozientziaren garrantziaz eta bere aplikazio anitzei buruz ariko dia publiko zabalari irekitako saioetan. Adibide praktiko batzuk aurkeztuko dituzte, gaixotasunei soluzioak emateko nanomedikuntzak duen ahalmena erakusteko asmoz.

   Bestalde, otsailaren 1ean eta 6an, zentro donostiarrak laborategietara bi bisita antolatuko ditu. Lehen bisita 18:00etan izango da, eta bigarrena 19:00etan, eta dagoeneko plazak beteta daude.