Natur Zientzien VI. Topaketek ingurumen zientzien aurrerapenak aztertuko dituzte hurrengo asteburuan Iruñean

Natur Zientzien VI. Topaketak
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 10 noviembre 2025 10:48

BILBO 10 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Natura elkarteak Natur Zientzien Topaketen seigarren edizioa (NZ6T) antolatu dute hurrengo astebururako Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadia campusean, Iruñean, eta ingurumen zientzietan ematen ari den aurrerapenak aztertuko dituzte bertan, 'Bidea etorkizun' lelopean.

"Gizartea etengabe ari da garatzen, eta ingurumen zientzietan ere nabaritzen da hori. Eragina onuragarria ala kaltegarria izango al da? Natur zientziak teknologia berrietara ongi egokitzen ari dira? Teknologia berrien aplikazioak, ikerketak, oztopoak, erronkak ezagutu ahal izango ditugu Natur Zientzien VI. Topaketan", azaldu dute UEUtik.

Ingurumenari eragile mota bakoitzak egindako ekarpenak partekatzea, ingurumenaren inguruko eragileen arteko elkarlana sustatzea, zientziaren alorreko ondorioak gizarteratzea, euskal naturzaleen arteko saretzea bultzatzea, ingurumen gaiak euskaraz jorratzea, aukera eta erronka teknologikoei buruzko gogoeta bideratzea eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasleei lan irteeren aniztasuna erakustea dira topaketen helburuak.

Aurtengo ediziorako antolatu diren lau moduluen gaiak adimen artifiziala, omikak, trantsizio energetikoa eta hiriak zein naturguneak izango dira. Mahai inguruan, berriz, ingurumen hezkuntza landuko da, eta poster saioan natur zientziei lotutako edozein gairi buruzko posterrak aurkeztuko dira.

Topaketak larunbatean eta igandean izango dira, azaroaren 15ean eta 16an, eta natur zientzia eta ingurumeneko ikerketa taldeetako kideei, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleei, naturaren kudeatzaileei, ingurumenean eskumenak dituzten erakundeei, natur elkarteetako kideei, naturzaleei, natur hezitzaile eta irakasleei eta Euskal Herrian naturarekin interesatuta dagoen edonori zuzenduta daude.

Contenido patrocinado