Neskame bat espetxeratu dute Getxon (Bizkaia) lan egiten zuen etxeetan bitxiak eta bestelako ondasunak lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 1 abril 2011 15:03

BILBO, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Neskame bat espetxeratzeko agindua eman zuen atzo goizean Getxoko (Bizkaia) Guardiako Epaitegiak, lan egiten zuen etxeetan bitxiak, dirua eta bestelako ondasunak lapurtu zituelakoan atxilotu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Getxoko etxebizitza batean egindako lapurreta baten berri izan zuen Ertzaintzak joan den astean. Jabeek jarritako salaketaren harira, Ertzaintza etxe hartako neskameak gertatutakoan parte hartu ote zuen ikertzen hasi zen.

Ikerketari esker, bitxien salerosketarako Bilbo eta Getxoko denda ezberdinetan aurkitu zituzten agenteek ustez lapurtuak izan ziren bitxietako batzuk; aipatutako susmagarriak saldu omen zituen guztiak. Era berean, Bilboko beste saltoki batean ere bitxiak eta bestelako ondasun batzuk saldu zituela jakin ahal izan da. Agenteek horiek guztiak eskuratu zituzten legez kanpoko jatorria zutela sumatu ostean.

Ertzaintzako agenteek jakin ahal izan zuten baita emakumezko honek aurretiaz lan egin zuen beste bi etxetan ere antzeko lapurretak izan zirela eta berak horietan ere nolabaiteko parte-hartzea izan omen zuela. Izan ere, epaitegiaren bilaketa-agindu bi zituen halako ekintzak egotzita.

Atzo arratsaldean, Ertzaintzak ustezko lapurra atxilotu egin zuen lapurreten ustezko egilea zelakoan, eta ondasunaren aurkako delitu bat leporatu zioten.