"Osagaiz" osasun zientziei buruzko euskarazko on line aldizkaria sortu dute

"Osagaiz" Aldizkaria Aurkeztu Dute
UEU
Actualizado: viernes, 16 junio 2017 12:40

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) "Osagaiz" osasun zientziei buruzko euskarazko on line aldizkaria sortu dute, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin. Osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzea eta ikerketa taldeen lanak euskaraz ezagutzera ematea da argitalpen berriaren helburua. Lehen zenbakia dagoeneko ikusgai dago http://www.osagaiz.eus/ helbidean.

Aurkezpena Donostian izan da, eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Karlos Ibarguren Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakariak, Izaskun Elezgaraik OEE eta UEUko kideak, Victor Irigoien Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak eta Jose Ramon Furundarena aldizkariko zuzendariak parte hartu dute.

Jose Ramon Furundarenak berak eman ditu argitalpen berriari buruzko xehetasunak. Osasunarekin lotura duten arlo ezberdinetako profesionalen lanak euskaraz argitaratzeko aldizkaria izango dela azaldu du, eta lehentasuna izango dutela artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza lanek.

Halaber, interes handiko osasun gaien berrikuspenak, farmako berriei buruzko informazioa eta beste aldizkarietan argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak ere argitaratuko direla esan du, eta atal desberdinak izango dituela: Editoriala, errebisio artikulua (ebaluazio prozesua pasa duena), jatorrizko artikuluak, "Dosi txikitan" (luzera laburragoa duten artikuluak), "KATak" (kritikoki aztertutako testuak) eta "Farmazilarien txokoa".

Aldizkaria elektronikoa izango da eta http://www.osagaiz.eus/ web orrian PDF formatuan argitaratuko da. Urtean bi zenbaki argitaratuko dira, eta doan eskuratu ahal izango da. Soilik erregistratzea eskatuko da.

ELKARLANA

Bestalde, Iñaki Alegriak nabarmendu du elkarlanak egin duela posible proiektu berria sortzea, eta osasun alorrean "euskaraz dagoen hutsune bati erantzutera" datorrela. "Oso pozik gaude, izan ere, bidelagun ezin hobeak topatu ditugu proiektu honetan", adierazi du.

Halaber, Karlos Ibargurenek azaldu du beharrizan batek sortu duela "Osagaiz" aldizkaria. "Beharrak aukera eta aukerak beharra ekarri du. Osasun arloan sorkuntzan ari den profesional askoren publikatzeko beharrak eman digu 'Osagaiz' erditzeko aukera eta 'Osagaiz'-ek eskaintzen duen aukerak behartuko du osasun arloko komunitatea sorkuntza lana areagotzera", azaldu du.

Izaskun Elezgaraik, bere aldetik, proiektuaren "bilgune izaera" azpimarratu du, proiektuaren inguruan biltzen baitira lurralde guztietako osasun zentro, ospitale, ikerketa zentro, unibertsitate eta abarretako profesionalak. Bere hitzetan, "osasun ikerkuntza ezagutzera ematea eta elkarlanak eta elkar ezagutza bultzatzea eta osasun arloan euskara sustatzea dira bere helburu nagusiak, eta hori dela eta, alorreko profesionalak, ikertzaileak, ikasleak eta dituak bertan parte hartzera deitu nahi ditugu".