Osakidetzak asteburu honetan espero du bukatzea 80 urtetik gorako pertsonen txertaketa

Archivo - Erizain bat txertoa prestatzen.
ERRE DE HIERRO - Archivo
Actualizado: sábado, 10 abril 2021 10:28

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak aurreikusi du asteburu honetan amaitzea 80 urtetik gorakoen txertaketa. Aste honetan Pfizer txertoaren 70.000 dosi baino gehiago heldu izanak aukera eman du hitzorduen prozesua bizkortzeko eta, hala, oraindik lehen dosia hartu ez duten kolektibo horretako pertsonek ostiral honetatik igandera bitartean hartuko dute txertoa, hurbilen duten txertaketa gunean.

Txertoa etxean hartu behar duten 80 urtetik gorako pertsona batzuk baino ez dira geratuko dosia hartzeko; kasu horietan, txertaketa datorren astean amaituko da, Osakidetzak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.

80 urtetik gorako gainerakoek igandea baino lehen hartuko dute txertoa. Osakidetza telefonoz ari da haiekin banaka harremanetan jartzen, hitzordua emateko. Asteburua igaro eta Osakidetzak kolektibo horretako pertsonaren batekin harremanetan jartzea lortu ez badu eta pertsona horrek txertoa jarri nahi badu, astelehenetik aurrera dagokion osasun zentrora deitu ahalko du, eta Txertaketaren 1. aukera sakatu; hitzordua emango diote bertan.

Gainera, Osakidetza beste bi kolektiboren txertaketarekin hasiko da. Alde batetik, larunbata eta igandea bitartean, peritoneo dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera. Hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera.

70-79 URTE BITARTEKOAK

Beste alde batetik, lehentasuna 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea izango da, baina, erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, asteburuan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, nagusienekin hasita (1942an eta 1943an jaioak).

Osakidetzak SMS bat bidaliko die, eta hartan, web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka izango dute. OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotze data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean.

Baliteke SMSa beste pertsona baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Bada, errakuntzarik egon ez dadin, testuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotze data eta generoa zehaztuko dira. Halaber, pertsona batzuekin telefonoz ere harremanetan jarriko da, agendetan hutsuneak bete behar badira.

Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, osasun zentrora edo Osasun Kontseilura ez deitzeko eskatu du Osakidetzak, komunikazio lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dutelako erabilgarri. Osakidetzak behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean.