Osakidetzako profesionalek 629 eraso salatu zituzten 2018an

Osakidetzako profesionalek 629 eraso salatu zituzten 2018an
OSAKIDETZA
Actualizado: jueves, 14 marzo 2019 12:26

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak 629 jakinarazpen jaso zituen 2018. urtean, euskal osasun zerbitzuko profesionalen aurka izandako ahozko erasoen edo eraso fisikoen ondorioz. Horien guztien %24 istripuak izan ziren, hau da, lesioak eragin zituzten erasoak, eta gainerako %76 gertakariak izan ziren, hots, lesiorik gabeko erasoak.

Osakidetzako profesionalen aurkako erasoei buruzko urteroko txostenean jasota daude datu horiek guztiak, eta ostegun honetan ospatzen den Osasun Langileen Kontrako Erasoen aurkako Egunaren harira zabaldu dira. Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak zero tolerantziako politikarekiko bere konpromisoa berretsi du, euskal osasun zerbitzuko profesionalen aurkako indarkeria mota guztiekin amaitzeko.

Azken urtean, osasun arloko profesionalekiko begirunea eskatzen duen gizarte sentsibilizazio kanpaina bat garatu da, "Erasoak STOP" lelopean, Euskadiko osasun zentro, ospitale eta osasun arloko gainerako erakunde guztietan, bai eta hedabide eta sare sozialetan ere.

Gizarte kontzientziazioko ariketa horrez gain, Osakidetzako erakunde guztiek prebentzioa jomuga duten neurri ezberdinak ezartzen jarraitzen dute, gertakari hasiberriak desaktibatzeko edo berbideratzeko prestakuntza eskainiz, "larrialdietarako botoiaren" bitartez zein "hesi neurriak" hartuz zenbait kasutan.

Halaber, profesional baten aurkako erasoaren inguruko esku hartze guztiak Osakidetzaren berariazko protokoloari jarraiki egiten dira. Horren harira, jakinarazitako erasoak ikertzeaz gain, aholkularitza juridikoa eskaintzen zaie hala eskatzen duten langile guztiei. Osakidetzak lege prozesu osoan zehar eskaintzen die babes juridiko hori beren profesionalei, abokatuen laguntza barne. Nolanahi ere, eta legeak hala adierazita, Osakidetzak ezin ditu adierazpenen izapideak ordezkatu, ez eta epaiketan parte hartu ere, erakundea den heinean.

DATUAK

Eusko Jaurlaritzaren gardentasun politika betez, osasun arloko profesionalen aurkako erasoei buruzko 2018ko txostenak datuak bildu ditu. Osakidetzako zuzendaritzak, sindikatuek eta prebentzio zerbitzuak osatzen duten Osakidetzako Erasoen Behatokiak ezarri zuen jakinarazpen elektronikoen sistemaren bidez egin da txostena, eta bere xedea da osasun arloko profesionalen aurkako bortizkeriaren benetako irismena ikusaraztea.

Horrela, 2018an, istripuak, hau da, lesioak eragiten dituzten erasoak, %14,5 gutxitu ziren, eta gertakariak, hots, lesiorik gabeko erasoak, %5,7 gehitu.

Talde profesionalei dagokienez, istripu zein gertakarien jakinarazpenen igoera nabariagoa izan zen, beste behin, Osakidetzaren baitan langile gehien dituzten eta paziente eta senideekin harremanik handiena duten horietan.

Sexuari dagokionez, emakumeek jakinarazi dituzten erasoak gizonek jakinarazi dituztenak baino gehiago izan ziren berriz ere, langile gehienak emakumeak diren heinean. Gauza bera gertatu zen gertakari indizeei dagokienez (gertakariak 1.000 langileko): proportzio berari eutsi bazioten ere, asko gerturatu ziren istripuen kasuan.