Pasaiako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetu dute

Archivo - Pasaia
AZTI - Archivo
Actualizado: miércoles, 10 abril 2024 14:02

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2 eta 3 zenbakidun epaitegiek Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) 2023an egindako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte berriki, Euskalgintzaren Kontseilutik jakinarazi dutenez.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna jarri zitzaien 2015ean 15 lanposturi (B1 maila). Bada, epaien arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.

Kontseilutik salatu dutenez, "berriro ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaude. Epairik epai jurisprudentzia eratuz, gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Hainbatetan esan dugu sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, honetan berretsi beharrean gaude".

Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi dio Pasaiako Udalari "euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko".

Gaainera, 'Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa' aktibatu ondoren, Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute ostiralean, apirilaren 12an, 18:30ean, Pasai Antxoko Biteri plazan. Ostiralean bertan, goizez, udal langile batzordeak ere elkarretaratzera deituko duela jakinarazi du. Herritar guztien hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten eragile eta norbanakoak mobilizazioetan parte hartzera eta erasoa salatzera gonbidatu dituzte.

HAUTESKUNDE KANPAINA

Bestalde, eta Eusko Legebiltzarra aukeratzeko apirilaren 21eko hauteskundeen kanpainan gaudela, Euskalgintzaren Kontseilutik dei egin diete "euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei" datorren legegintzaldira begira "oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten".

Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, "administrazio publikoko hizkuntza irizpideen paradigma alda dezaten" galdegin diete, "gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra".

"Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntz berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa", nabarmendu dute Euskalgintzaren Kontseilutik.

Ildo horretan, uste dugu euskararen normalizazioak "orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago" behar duela euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdien kanpaina eta programetan.

"Iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan herritarrek sendo erakutsi zuten gai honek eragiten dien kezka. Amaitu berri den Korrikan, gizarteak are eta sendoago erakutsi du euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko jarrera. Euskal hiztun komunitateak egunero-egunero erausten du konpromiso irmo bat. Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela", azaldu dute.

Contador