Pedro Miguel Etxenike Honoris Causa doktore izendatu du Madrilgo Unibertsitate Autonomoak

Pedro Miguel Etxenike.
DIPC
Actualizado: jueves, 25 abril 2024 15:57

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidente eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun emeritua Honoris Causa doktore izendatu dute ostegun honetan Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egindako ekitaldian.

DIPCko iturriek jakinarazi dutnez, 1968an sortu zenetik, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa erreferente bihurtu da mundu osoan zientziaren eta letren zenbait diziplinatan. Bere klaustroan ia ehun irakasle eta pertsona ospetsu ditu eta, orain, Etxenike irakaslea gehitu zaie goi mailako izendapenarekin.

Honoris Causa doktore titulua Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren aitortza akademiko gorena da, eta izaera akademiko, zientifiko, kultural, tekniko edo humanistikoko aparteko merezimenduak dituzten, estatu edo nazioarte mailan ospe handia duten eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren balioak garatzen eta sustatzen nabarmen laguntzen duten edo erakunde horrekin lotura estua duten pertsonei ematen zaie. Izendapen honekin, Etxenike irakasleak sei Honoris Causa doktorego ditu.

Ekitaldian izan dira Amaya Mendikoetxea Madrilgo Unibertsitate Autonomoko errektorea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntzako sailburua, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako jarduneko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Nekane Balluerka eta Iñaki Gorizelaia errektore ohiak.

Fernando Flores irakasleak egin du Etxenikeren Laudatioa. Bere ikerketa arloko ibilbide osoaren errepasoa egin du bertan, eta "azken 30 urteetako Espainiako zientzialari garrantzitsuenetako bat" dela adierazi.

Etxenikek EHUko katedradun gisa eman dituen 30 urteetatik, Floresek nabarmendu du gaitasuna izan duela bikaintasuneko ikerketa talde bat sortzeko, nazioarteko ospe handiko zientzia lan batek bermatua, eta talde hori sendotzeko eta nazioarteko lankidetza garrantzitsuak garatzeko eta mantentzeko behar den azpiegitura sortzeko.

Horren adierazgarri dira EHU-CSIC Zentro Mistoa, CIC nanoGUNE Euskal Herriko lehen nanoteknologia zentroa eta, batez ere, Donostia International Physics Center sortzeko emandako bultzada. Denek onartzen dute DIPC mundu mailako erreferentea dela; urtero 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu, 25.000 aipamen baino gehiago jasotzen ditu eta hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bisitari zientifiko inguru hartzen ditu.

ESKERRAK

Honoris Causa izendapena jasotzean, Etxenike irakasleak eskerrak eman ditu aitortzagatik, bere ibilbide zientifikoari eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bikaintasunari egindako aitorpen garrantzitsua dela adieraziz.

Gainera, aukera baliatu du belaunaldi berriak ikerketaren bidean jarraitzera gonbidatzeko. "Gauza txikia izanagatik zerbait lehen aldiz ikusteko plazerra bizi izan duena betiko harrapatzen du 'aurkikuntzaren uneak', eta zaila izango da ikerketa jarduera uztea", adierazi du.

Bere hitzetan, "sormena, zientzian zein artean, ezin da antolatu, berez sortzen da talentu indibidualetik. Bereziki zaindu behar dira egiten dutenak, ideiak sortzen dituztenak, aberastasuna sortzen dutenak, edertasuna sortzen dutenak. Zientzia politikarik onena gure gazteentzat aukera ugari sortzea da".

Contador