"Ploey" animaziozko filma euskaraz estreinatuko da ostiral honetan

"Ploey"
ZINEUSKADI
Actualizado: viernes, 14 diciembre 2018 11:22

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aurrera darrai Zineuskadi plataformaren filmak euskarazko filmak estreinatzen, Zinema Euskaraz programaren baitan, eta ostiral honetan, abenduaren 14an, familia osoari zuzendutako "Ploey" filma (Islandia-Belgika) izango da ikusgai Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait zinema aretotan.

Árni Ásgeirsson zuzendariaren animaziozko film jostagarri eta hunkigarria da "Ploey", eta, txikienentzako sortu izan bazen ere, familia giroan gozatzeko aproposa da. Txori gazte baten istorioa kontatzen du. Bere familiak udazkenean emigratzen duen garaian, txoria oraindik ez da hegan egiteko gai. Hori dela eta, Artikoko negua pasatu eta etsai basatiei aurre egin beharko die, bai eta bere buruari ere, hurrengo udaberriak familiarekin bat egiteko.

Bestalde, Zineuskadiren Zinegabonak programa ere berrituta itzuliko da, euskarazko emanaldi, zozketa eta familia osoarentzako stop motion zinema lantegiarekin. Egitasmoa abenduaren 26tik 30era izango da, Donostiako, Bilboko, Errenteriako, Iruñeko, Zornotzako eta Urruñako zinema aretoetan, EiTB eta Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen (EZAE) lankidetzarekin.

Gainera, Zinegabonak Barakaldoko BECen egiten den Haurren Gabonetako Parkean ere egongo gara, abenduaren 22an eta 23an eta urtarrilaren 3an eta 4an, haur eta gazteentzako bi filmen emanaldi bikoitzekin. BECerako sarrera doakoa izango da parkeko sarrerarekin, eta programako gainontzeko saio eta lantegiek euro bateko prezio sinbolikoa izango dute.