Sakeleko telefonoen eta irrati eta telebistako antenen emisio irrati-elektrikoak jasotzeko mapa du Bilbok

Actualizado: jueves, 10 febrero 2011 15:20

BILBO, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Julia Madrazo Bilboko Udaleko alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen Saileko zinegotziak hitiko mapa irrati-elektrikoa aurkeztu du gaur. Proiektu horri esker, sakeleko telefonoen sareen eta irrati eta telebisten emisio irrati-elektrikoak neurtu ahal izan dira hiriburu bizkaitarrean.

Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko talde batek egin du lana, Bilboko Udalak eta Euskoiker Fundazioak 2008ko urrian sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.

Madrazorekin batera, aurkezpenean izan dira Juan Andres Legarreta Euskoiker Fundazioko zuzendari kudeatzailea, Pedro Iriondo Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko zuzendariordea eta Juan Antonio Romo Elektronika eta Telekomunikazio Saileko irakasle eta lan honen koordinatzailea.

Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko adituek, Juan Antonio Romo irakaslearen koordinaziopean, bi urtean identifikatu eta erregistratu dituzte azpiegitura irrati-elektrikoak dituzten (transmisoreak edo antenak) Bilboko guneak, guztiak ere sakeleko telefonoen eta irrati (FM eta irrati digitala) eta telebista digitalenak. 48.000 euroko aurrekontua izan dute lan hori egiteko.

Teilatuetako zabaltzetan, teilatuetan bertan edo mendiko dorreetan azpiegitura irrati-elektrikoak dituzten 186 gune aurkitu dira, bai eta sare propioak dituzten lau operadoreen (Movistar, Orange, Vodafone eta Yoigo) 1.133 antena ere.

Bigarren fasean, emisio elektromagnetikoen emisio-mailen lagin adierazgarria eduki ahal izateko, hiriko 1.325 gunetan neurtu dira emisio irrati-elektrikoak. Puntu horiek aldez aurretik aukeratuak izan dira azterlanerako interesgarri iritzita. Erradiazio-iturri guztiek metatutako aldibereko esposizio erradioelektrikoa jaso da gune horietako bakoitzean.

EMAITZA BATZUK

Horrela, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) gomendatutako gutxieneko mailatik beherakoak izan dira emaitzen %90. 1.190 gunetan neurtutako balioa 3 V/m-tik beherakoa izan zen, OMEk ezarritako erreferentziazko balioaren apenas %10.

Emisio-mailarik handienak Bilbo aldeko mendietan dauden (Artxanda, Banderas eta Ganeta) FM irratietako eta telebistako igorgailuen inguruetan neurtu dira. Egiaztatu denez, telebisten eta irratien -batik bat FMkoen- emisioak sakeleko telefonoen zerbitzuenak baino handiagoak dira. Seinale horien indarra ahuldu egin ohi da urrundu ahala.

Orain arte azaldutakoaz gain, estaldura irrati-elektrikoaren simulazioak egin dira, estazio irrati-elektrikoetako erregistroetako datuak abiaburu hartuta eta lurraren eta eraikinen hiru dimentsioetako altimetria eta hedapen-ereduak baliatuta. Erdietsitako emaitzekin Bilboko Udalak operadoreen hedakuntza-mailari buruzko informazio lagungarria izango du. Aplikazio informatikoa ere egin da mapa irrati-elektriko hau Bilboko Udalak erabiltzen duen informazio geografikoaren sisteman sartzeko.

Bilboko Udalak eta Euskoiker Fundazioak 2008ko urrian sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da lan hau. Irabazi asmorik gabeko fundazioa da Euskoiker, EHUk, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek eta merkataritza-ganberek osatua. Unibertsitatearen eta enpresen edo administrazioen arteko harremanak erraztu nahi ditu, ikerketa mailako kontratuak edo hitzarmenak egiteko.