Sao Pauloko Bienaleko komisarioak euskal arte garaikidearen testuingurua ezagutuko du, Zabal ekimenaren baitan

Publicado: domingo, 17 noviembre 2019 12:36

BILBO, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuak Zabal egitasmoa jarri du martxan, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin, eta ekimenaren lehen urratsa Ruth Estévez Sao Pauloko Bienaleko komisarioaren bisita izango da. Estévezek bertatik bertara ezagutuko du euskal arte garaikidearen testuingurua eta, besteak beste, hitzaldia emango du datorren asteazkenean, azaroaren 20an, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Etxepare Institutuak jakinarazi dutenez, Zabal ekimenaren xedea da nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariei euskal artearen testuingurua erakustea. Horretarako, Euskal Herrira gonbidatu eta tokiko testuingurua ezagutuko dute, betiere haien interes zehatzen arabera, eta aditu batzorde baten laguntzaz berariaz sorturiko bisita eta topaketa agenda batean oinarrituta.

Proiektua aurrera eramateko Artingenium arte bulegoaren laguntza izango du Etxeparek; Lourdes Fernández donostiarrak sortutako arte bulegoak tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten du.

Zabal programaren lehenengo fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da, eta nazioarteko zazpi arte komisario gonbidatuko dira. Horietako lehena Ruth Estévez Sao Pauloko Bienaleko komisarioetako bat izango da; nazioarte mailan arte bienal ezagun eta garrantzitsuenetakoa da Brasilgoa. Estévez azaroaren 18tik 21ra izango da Euskal Herrian, eta Gasteiz, Donostia eta Bilbo bisitatuko ditu.

Bere egonaldiaren baitan, Sao Pauloko Bienalari buruzko aurkezpen ireki bat egingo du, sortzaile guztiei eta entzulego orokorrari eskainia. Hitzaldia datorren asteazkenean izango da, azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Arte Ederretako Museoan.

RUTH ESTÉVEZ

Ruth Estévez (Bilbo, 1977) komisarioa eta idazlea da, eta gaur egun Mexiko Hiria eta Boston artean bizi da. Bere komisariotzak antzerkiaren eta ikus arteen arteko harreman historikoarekiko interes handia du. Bostongo Rose Art Museum-eko komisario nagusia eta 34. Sao Pauloko Bienalaren komisarioa da. Idiorhythmias, antzezpen, musika, poesia eta testu programako komisarioa ere bada Bartzelonako MACBA zentroan.

Los Angelesko REDCAT / CalArts-en zuzendari eta komisarioa izan zen 2012tik 2018ra. REDCAT-en lan handia egin zuen Javier Téllez, Joo Maria Gusmo + Pedro Paiva, Allora & Calzadilla, Pedro Barateiro, Quinn Latimer, Hector Zamora eta Andres Jaque artistekin, besteak beste.

Halaber, erakusketa kolektibo eta programa publikoen komisario ere izan da: 'Hotel Theory' (2015, Sohrab Mohebbi komisarioarekin batera), teoria garaikidea arte garaikidean oinarritua; 'Chalk Circles' (2017, José Luis Blondetekin batera komisariatutako erakusketa), XX. Mendeko ekintza metodologiak aztertzen dituena. Gainera, Leon Ferrari artista latinoamerikarraren antzezpen politikoei eskainitako proiektua ere antolatu zuen.

REDCAT-en aritu aurretik, Mexiko Hiriko Carrillo Gil Museoko komisario nagusia izan zen (2007-2012). Horrez gain, LIGA Space for architecture sortu zuen 2010ean, arkitektura, hirigintza eta arte publikoaren esperimentazioan oinarritutako irabazi asmorik gabeko plataforma.