Sarean dauden 62 antzokiek 300dik gora ikuskizun antolatuko dituzte urtea bukatu bitartean

Sareako eta Jaurlaritzako ordezkariak
IREKIA
Actualizado: martes, 16 octubre 2018 13:05

Elkarguneak webgune berria dauka eta arte eszenikoen inguruko informazio guztia bilduko du bertan

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Sarea euskal espazio gehienak biltzen dituen elkargunean dauden 62 antzokiek 300dik gora ikuskizun antolatuko dituzte urtea amaitu arte. Zehazki, 195 antzerki ikuskizun, 60 dantza ikuskizun inguru eta haurrentzako 45 antzezlan izango dira antzokiotan. Gainera, Sareak bere webgune berria aurkeztu du astearte honetan, Gasteizko Principal Antzokian izan den prentsaurrekoan.

Sareako arduradunek azpimarratu dute Euskadiko "arte eszenikoen erreferentziazko leiho" bilakatu nahi dutela webgune berria, biltzen dituen 62 antzokiek antolatzen dituzten ikuskizunen eta beste hainbat gaien inguruko informazio guztia bilduz.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburordeak, Nekane Basterretxea Sareako koordinatzaileak eta Jose Luis Gonzalez Sareako Zuzendaritza Batzordeko kideak hitz egin dute prentsa agerraldian. "Denboraldi berriaren lehen parte honetan Sareak biltzen dituen antzokien dinamismoa eta programatzeko gaitasuna islatzen da. Mugimendu azpimarragarria dago Euskadin arte eszenikoen inguruan, eta Sarearen webgunea hori guztia erakusteko leihoa izatea nahi genuke", adierazi du Muñozek.

Sareako kideak arte eszenikoen denboraldi berriaren lehen parteaz mintzatu dira. "Antzerkiz, musikalez, txotxongiloez, dantza klasikoz, dantza garaikidez, zirkuz edo magiaz beteriko ikuskizunak programatu ditugu Sarea osatzen dugun antzokiok. Urnietako Sarobe Antzokia gehitu ostean, 62 antzoki izango ditugu aurten", adierazi du Gonzalezek.

Horrela, urritik urtea amaitu bitartean, 300dik gora ikuskizun programatuko dira, eta horietatik 195 baino gehiago antzezlanak izango dira, guztien %65). Dantza ikuskizunak 60 inguru izango dira, eta haurrentzako 45 emanaldi inguru antolatuko dira. "Publiko honi ere garrantzi handia ematen diogu, haurrak eta gazteak izango baitira sektore hau bizirik mantenduko dutenak etorkizunean", ziurtatu du du Gonzalezek.

Ikuskizun horiekin, guztira, Sareako antzokiek 660 emanaldi eskainiko dira abendu amaitu bitartean. Gainera, agerraldian azpimarratu dute antzerki emanaldi guztien %30 euskaraz izango direla.

ESTREINALDIAK

Halaber, euskal konpainien antzerki estreinaldien bira nagusiek izango duten pisua nabarmendu dute Sareako arduradunek. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute eta, guztira, 250 emanaldi inguru antolatuko dituzte, besteak beste, "Izoztutako haizea bezala" (Tanttaka), "Go!azen 5.0" (Pausoka), "Babo Royal" (Ganso Cia), "Jule" (Hortzmuga), "Inondik Inora" (Benetan Be), "Pinotxo" (GluGlu), "Ghero" (Tartean Teatroa), "Zazpiak Bat" (ATX Teatroa), "Julietas" (Markeliñe), "Rita arrastoan sartzen" (Txalo), "Quitamiedos" (Kulunka) eta "El Inventor de Ilusiones" (Mago Sun).

Bestalde, aspaldian estreinatu baina oraindik biran dauden beste zenbait ikuskizunen garrantzia ere nabarmendu dute. Helduentzako ikuskizunen artean daude "Erlauntza, esto no me lo esperaba" (Zanguango), "Ez dok hiru" (Tartean) edota "Moko zorrotza" (Txalo), eta haurrentzako ikuskizunen artean, "Izar" (Marie de Jongh), "Jon Braun" (Anita Maravillas), "Kantukontari" (Larressitens), "Linbo planeta" (Dejabu) edota "Lur" (Xake). Hirugarrenik, dantza ikuskizunei dagokienez, "Baserri" (Proyecto Larrua) edo "Erritu" (Kukai) ikuskizunekin gozatu ahal izango dute ikusleek.

Azkenik, SAREAko antzokiek kanpotik datozen hainbat antzerki eta dantza produkzioak ere eskainiko dituzte: "El funeral", "Juntos", "Lo mejor de Yllana", "Lorca, la correspondencia personal", "Moby Dick", "Cinco horas con Mario", "La maldición de los hombres Marlboro" edo "Circo de Pulgas".

WEBGUNEA

Bestalde, Nekane Basterretxeak azaldu duenez, arte eszenikoak hedatzeko eta ikusgaiago bilakatzeko tresna garrantzitsua izateko egin dute webgune berria, bai sektoreari, bai gizarteari begira. Helburuak izango dira antzerkigintza eta dantzarako leiho bat izatea, sektorearen aldetik aspalditik datorren eskaerari erantzutea, arte eszenikoen ikusgaitasuna sustatzea eta plaza birtual bat izatea, sektorearen erronkak, nahiak eta lana erakusteko.

Webgunearen atal nagusietako bat "Agenda" izango da. Abian dagoen leiho berriaren funtzionamendua Kulturklik-ekin koordinatuta dago eta, ondorioz, antzerki, dantza eta musika programazio guztia jartzen du herritarren esku. Bilaketak hainbat aldagairen arabera egiteko aukera eskaintzen du: udalerria, data, generoa edota hizkuntza.

"Ikuskizunak" atalak bi tresna jarri ditu erabiltzaileen esku. Alde batetik, Euskal eskaintza eszenikoaren katalogoak euskal antzerki eta dantza konpainia profesionalen produkzioak jaso ditu, eta fitxa batean ikuskizun bakoitzaren alderdi nagusienak adierazten dira: sinopsia, koadro artistikoa, behar teknikoak, material multimedia eta abar. Bestalde, Katalogo gomendatuak Sareako batzorde artistikoak aukeratutako antzerki eta dantza ikuskizunak jaso ditu; ikuskizun bakoitzak bere informazioa fitxa dauka, baina kasu honetan batzordeak egindako iruzkin baloratiboa gehitzen zaio.

Horrez gain, honako atal hauek ere jaso ditu webgune berriak:
"Konpainiak", Euskadiko antzerki eta dantza konpainia profesionalen direktorioa; "Antzokiak", Sarea osatzen duten 62 areto eta antzokien direktorioa; "Albisteak", arte eszenikoen eremuko intereseko berriak jasotzeko; eta "Zer da sarea", Sareari buruzko informazio xeheagoa jasotzeko aukera.