Sarrera eta irteerako 490.000 joan-etorri aurreikusi dira Aste Santuan EAEn

Sarrera eta irteerako 490.000 joan-etorri aurreikusi dira Aste Santuan EAEn, iaz baino %6,9 gehiago
IREKIA - Archivo
Actualizado: viernes, 12 abril 2019 12:31

Eusko Jaurlaritzak "Elige Conducir / Gidatu, besterik ez" sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina aurkeztu du

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Sarrera eta irteerako 490.000 joan-etorri aurreikusi dira aurtengo Aste Santuan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, 2018koan baino %6,9 gehiago, betiere klimatologiaren arabera, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak iragarri duenez.

Díaz de Corcuerak "Elige Conducir / Gidatu, besterik ez" kanpaina aurkeztu du ostiral honetan, Bilbon. Arrisku faktoreei buruzko kontzientziazioan oinarritzen da kanpaina, eta apirilaren 17an abiatuko da, Aste Santuko jaiegunen hasieran. Kanpainak arrisku faktoreen artean nabarmentzen ditu deskuiduak, alkoholaren edo drogen kontsumoa, abiadura desegokia edo gehiegizko abiadura eta nekea, batetik, eta motozaleen babesa, bestetik.

"Segurtasunez gidatzea eragozten duten, gidarien gaitasunak murrizten dituzten eta haien bizitza eta errepideko gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jartzen duten faktoreak nabarmendu nahi ditugu. Hori dela eta, datozen egunotan, 'Elige conducir / Gidatu, besterik ez' kanpainaren bidez, arreta jarriko dugu deskuiduetan, abiadura desegokian edo gehiegizko abiaduran, alkoholaren edo drogen kontsumoan edo nekean. Era berean, segurtasunez eta arduraz gidatzearen garrantziari buruzko mezuak zuzenduko zaizkie motozaleei", azaldu du.

Horrel, apirilaren 17tik maiatzaren 5era, telebistaz, irratiz eta sare sozialen bidez hedatuko den kanpainaren helburua da istripu tasa murriztea. Aurreko urteetan Aste Santuko istripu tasak behera egin du, eta 2012tik, Aste Santuko egunetan ez da hildakorik izan EAEko errepideetan izandako trafiko istripuetan (2012an bi hildako izan ziren Araban). Urte hartan, zazpi pertsona zauritu ziren larri, eta azken sei ekitaldietako kopururik handiena izan da hori (2018an bost izan ziren).

Istripuen kopuruari dagokionez, azken Aste Santuetan beherako joerari eutsi zaio: 2012an 123 istripu izan ziren, 2013an 107, 2014an 100, 2015ean 99, 2016an 73, 2018an 88 (igoera txiki bat izan zen) eta 2018an 78.

Aurtengo Aste Santuko egunetarako, apirilaren 17tik apirilaren 22ra bitartean, 490.000 joan-etorri aurreikusi dira, eta mugimendu horiek trafikoan izan dezaketen eragina minimizatzeko hartuko diren neurriak zehaztu ditu Díaz de Corcuerak.

"Meteorologia lagun, zenbatetsi da Aste Santu honetan %6,9 gehituko dela EAEko errepideetako irteerako eta itzulerako joan-etorrien kopurua, betiere 2018an aldi horretan izan zen trafikoarekin alderatuta, joan den urtean eguraldi txarrak baldintzatu baitzuen", azaldu du.

Horrez gain, Trafikoko zuzendariak jakinarazi du Ertzaintzako 200 bat agentek zainduko eta kontrolatuko dutela trafikoa, ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin.

ZIRKULAZIO FLUXU HANDIENAK

Díaz de Corcueraren arabera, EAEko errepide sareko puntu hauetan izango dira, seguru aski, zirkulazio fluxurik handienak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen. Azken puntu horretan ikusi egin beharko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren.

Hain zuzen, irteera operazioan, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, asteazkenean izan ohi dira zirkulazio intentsitate handiak, 15:00etatik 21:00etara, bai eta Ostegun Santuan ere, 09:00etatik 15:00etara. Itzuleran, Bilborako norabidean, ibilgailuen bilketarik handiena Pazko Astelehenean izaten da, 13:00etatik 21:00etara. Dena dela, azken urteotan ez da auto ilara handirik sortu Bizkaian, baina bai Kantabrian.

Halaber, AP-8 autobidean, auto pilaketarik handienak Biriatuko ordainsarian izaten dira, Frantziako noranzkoan, asteazken arratsaldean 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 08:30etik 16:00etara. Era berean, eta Pazko Astelehena Frantzian ere jaieguna denez, ostiralean zein larunbatean ere trafiko handia izaten da Donostiara bidean.

Euskal errepide sarearen hirugarren gune gatazkatsua A-1 eta AP-1 errepideen elkargunea da, Armiñonen. AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñon arteko tartea liberatu denez gero, espero da gora egitea AP-1etik zirkulatuko duen ibilgailuen kopuruak. Hartara, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin, Arabako Aldundiarekin eta Miñoiekin koordinatuta, eutsi egingo die azken urte hauetan Armiñongo elkargunean zirkulazioa arintzeko hartu dituen trafiko kudeaketako neurriei.

Hain zuzen, irteeran, hau da, asteazken arratsaldean eta Ostegun Santuko goizean, A-1 errepidean auto pilaketak sor daitezkeela aurreikusita, behin behineko trafiko seinaleak gaituko dira N-1 errepideko ordezko bidea gomendatzeko La Puebla de Arganzón udalerriaren (A-1, 334 km) eta Armiñongo A-1/AP-1 errepideen arteko elkargunearen artean (A-1, 328 km).

Bestalde, itzuleran, hau da, Pazko Astelehenean, apirilaren 22an, txartel eta kono bidezko operatiboa ezarriko da AP-1 errepidetik A-1 errepidera, Gasteizko noranzkoan, etenik gabe eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzeko, bidea emateko geldialdirik egin behar izan gabe.