Sridhar Rangayan-ek jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria

Sridhar Rangayan
ZINEGOAK
Actualizado: martes, 22 enero 2019 14:36

   BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari emango dio aurtengo edizioko Ohorezko Saria. Zinemagile indiarra Kashish Bombayko Queer Zinema jaialdiko zuzendaria da, Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra eta Asiako garrantzitsuenetakoa.

   Rangayan Bilbon izango da saria jasotzeko. Zinegoak jaialdiko inaugurazio ekitaldian izango da sari emate ekitaldia, otsailaren 18an, Arriaga antzokian. Gainera, otsailaren 17an, "Evening Shadows" bere azken lana aurkeztuko du BBK aretoan, doako sarrerarekin.

   Pau Guillén Zinegoak-eko zuzendariak nabarmendu duenez, "Rangayan-ek bi hamarkada daramatza giza eskubideak eta sexu aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu".

   2001ean, Rangayan-ek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da, eta Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak hamar edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da. Horrez gain, Solarisek Flashpoint Human Rights Festival jaialdia ere antolatzen du, giza eskubideak ikuspegi zabalago batekin lantzeko asmoz.

   Guillén-en hitzetan, ekoiztetxea "erreminta boteretsu eta eraldatzailea da, eta, horren bidez, Rangayan-ek bere konpromiso militantea kultura eta ikus-entzunezko produkzioarekin lotu du".

   Solaris ekoiztetxean egin duen lanaz gain, Rangayan-ek hainbat film zuzendu ditu, eta guztietan LGTB edukiak oso presente egon dira: "Gulabi Aaina" (2003), "Yours emotionally" (2006), "68 pages" (2007), "Purple skies" (2014) eta "Breaking free" (2015). "Evening Shadows" bere azken lana 2018an aurkeztu zuen.

SARI BEREZIA

   Bestalde, bi urtean behin, Zinegoak jaialdiak sari berezia eskaintzen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Fernando Diez ekoizlearen eta Ugandako Queer Kampala jaialdiaren ostean, aurtengo sari berezia Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da. Aurten, elkarteak 25 urte bete ditu.

   Gobernuz kanpoko erakundeak aniztasuna bultzatzen du, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntza eta eskubideak. Apoyo Positivo-k ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu eta belaunaldi berriekin bat egin du. Hainbat gairen artean, GIB edo LGTBfobia landu dituzte.