Stacey Kent, Bill Frisell eta James Carter Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldian izango dira

Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldiaren kartela.
IGOR SARRALDE / GETXOKO KULTUR ETXEA
Publicado: sábado, 30 marzo 2024 12:23

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldia egitaraua osatzen hasi da eta dagoeneko itxi ditu ordainpeko kontzertuetako lehenengo izenak: Stacey Kent abeslaria, Bill Frisell gitarrista eta James Carter saxofoi jotzailea.

Getxo Jazz uztailaren 3tik 7ra ospatuko da eta, ohikoa denez, Muxikebarrin egingo dira talde eta artista handien kontzertuak, aurretik talde lehiaketako bandak arituz. Sarrerak apirilaren 15ean jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan, bonuekin batera, Getxoko Udaletik jakitera eman dutenez.

James Carterrek (1969, Detroit, AEB) hasiko du jaialdia uztailaren 3an. Saxofoi jotzaile estatubatuarrak merezitako ospea lortu zuen Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane bezalako artista handien lanen berezko interpretazioekin, eta oraingoan hirukote formatuan bisitatuko du Getxo, Alex White bateria jotzaileak eta Gerard Gibb teklatu jotzaileak lagunduta.

Jazzetik abiatzen den "zuzeneko indartsu eta bizia" eskainiko du, jazzetik hasi eta funk erritmoek markatutako soinu lurraldeetaraino zabaltzeko. Saxofoi gama osoa menderatzen du, saxo altutik baritonoraino, eta klarinete eta klarinete baxuarekin ere trebezia handia du.

Uztailaren 6an Stacey Kent (1968, New Jersey, AEB) abeslariaren txanda izango da. Getxon bigarrenez izango da kantari estatubatuarra, eta lehen aldiz aritu zenetik hamar urte igaro ondoren, bere ibilbidek berdin darrai, mundu mailako jazz ahots nagusien artean nabarmenduz. Grammy sarietarako izendapen ugari lortu ditu eta bi milioi disko baino gehiago saldu ditu.

Kentek eta bere musikak generoko handien esparruan bereizten duen sentiberatasun poetikoa dute ezaugarri nagusia. Artista moldakorra, generoko klasikoak nahiz bossanova eta pop doinuak interpretatzeko gai da, frantseseraz egiten duen errepertorio zabala ahaztu gabe.

BILL FRISELL

Bestalde, Bill Frisell (1951, Baltimore, AEB) gitarra jotzaile eta konpositoreak borobilduko du jaialdia uztailaren 7an. Artista eklektikoak folk progresibo, musika klasiko, country eta noise doinuak jorratzen ditu, besteak beste. Erritmo paregabeak sortzeko hainbat efektu erabiltzeagatik da ezaguna, eta bere ibilbidea finkatzen hasi zen grabazio batean Pat Metheny ordezkatu ondoren eta, bereziki, Paul Motian eta Joe Lovanorekin hirukotea osatu zuenean.

Hain zuzen ere, azken forrmatu horretan izango da Getxoko Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituela, inprobisazioa ardatza izango duen emanaldia eskaintzeko.

Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldiaren kartela Igor Sarralde ilustratzaile eta komikigile getxoztarrak egin du. Kataluniako Artearen Museo Nazionalean eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, besteak beste, eta iaz Getxon 'Sinestesia Drawing Band' proiektua gauzatu zuen, Kultura Sormen Deialdiaren barruan. Getxoko Kultura Etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustratu zituen 2023ko jazz eta folk jaialdietako emanaldiak, bi ekitaldien testigantza grafikoa emateko asmoz.

Contador