Stefano Massiniren "Lehman Trilogy" antzezlana, asteburuan Bilboko Arriagan

"Lehman Trilogy" Laneko Aktoreak Eta Zuzendaria
SERGIO PARRA
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 12:01

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Stefano Massini antzerkigile italiarraren "Lehman Trilogy" antzezlana Bilboko Arriaga antzokira helduko da asteburuan, "Europa osoan arrakasta osoz antzeztu den gure garaiko kronika bikaina". "Kapitalismo modernoaren noraeza" eszenaratzen duen lana Sergio Peris-Mencheta antzezle eta zuzendariak moldatu du gaztelaniara, eta berak zuzentzen du.

Arriagako arduradunek iragarri dutenez, asteburuan bi emanaldi izango dira: larunbatean, urriaren 20an, arratsaldeko 19:30ean, eta igandean, hilaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan.

Pepe Lorente, Víctor Clavijo, Darío Paso, Litus Ruiz, Aitor Beltrán eta Leo Rivera dira antzezlaneko 120tik gora pertsonaiak egingo dituzten sei musikari eta antzezleak. Bidaia "liluragarria eta dibertigarria" izango da, umorearen eta kontakizunaren bitartez, "kapitalismo modernoaren eraikuntzaren eta gainbeheraren etapa desberdinetatik". Gainera, antzezlanaren tonu "garratz eta ironikoa", aldi berean "pedagogikoa eta kritikoa den aromarekin" nahastuko da, ikus-entzuleak ekonomiaren gorabeheren partaide bilakatuz.

"Lehman Trilogy" antzezlanak kapitalismo modernoaren historia erakusten du 150 urtetan zehar, "diruaren ahalmen suntsitzaileari eta irabazi erraz eta azkarraren bila egindako lasterketa eroak gainezka egindako erakunde ekonomikoek eta politikoek jasan duten gizatasun ezari buruzko gogoeta eginez".

Antzezlanak Lehman familiako hiru belaunaldiren historia kontatzen du, igoeratik erorketara. Hasiera Henry Lehmanek ematen du, 1844an Bavariatik irten eta amets amerikarraren bila AEBetara heldu zen ganadu merkatari judu baten seme nagusia, eta amaiera Lehman Brothers inbertsio banku handienetako baten erorketak. 2008ko gertakari horrek finantza krisialdi handia eragin zuen, oraindik ere ondorio latzak dituena.