Suteen Prebentziorako Astea hasi da Getxon (Bizkaia)

Bizkaia Zubiko plazan dago suteak itzaltzeko simulagailua
GETXOKO UDALA
Actualizado: lunes, 10 octubre 2011 16:48

BILBO, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Suteen Prebentziorako Astea hasi da Getxon (Bizkaia) gaur, urriaren 10ean, Udaleko Babes Zibilak, Mapfre Fundazioak eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalak antolatuta. Ekimenaren seigarren ekitaldiaren helburua, herritarrei beren burua babesteko ezagutzak ematea da. Astea salerosleei eta ikasleei dago zuzenduta, eta aurtengo ekitaldian leku publikoetako suteen prebentzioari arreta berezia eskainiko zaio.

Hain zuzen ere, eskola-umeak dira, Suteen Prebentziorako Astea zabaltzeko ekitaldian Getxoko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Josu Loroñok nabarmendu duenez, "suteen aurrean ahulenetakoa den herritar sektorea".

Suteen Prebentziorako Asterako prestatutako egitarauaren gairik erakargarrienetakoa simulagailua da, larrialdietan hezitzeko unitate ibiltaria, benetako sute eta kea erreproduzitzen dituena, baina kanpora isurtze kutsagarririk egin gabe. Jarduera herritar orori dago zuzenduta. Hamar minutuko saioak antolatu dira, hamar lagunekin txanda bakoitzeko, eta bertan suteak prebenitzeko eta itzaltzeko oinarrizko ezagutzak azalduko dituzte, suteen simulagailuaz arduratzen den Unai Nalda teknikariak zehaztu duenez.

"Herritar guztiak, salerosleak, ikasleak eta abar gonbidatu ditugu, simulagailura etorri eta suteak amatatzeko oinarrizko nozio batzuk ikas ditzaten. Su-itzalgailu bat zelan hartu, sute bat zelan amatatu, su-detektagailua zelan erabili bezalako oinarrizko ezagutzak, hain zuzen", azaldu du.

Gaur, urriaren 10ean, eta bihar, urriaren 11n, Bizkaia Zubiko plazan egongo da simulagailua, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Urriaren 13an eta 14an Algortako Geltoki plazara eramango dute eta ordutegi berdina izango du.

Suteen Prebentziorako Astea dendariei zuzenduriko suteak itzaltzeko ikastaro praktiko batekin hasi da, eta jarraian, bide publikoko gertaeren segurtasunari buruzko jardunaldi teknikoa hasi da.

Bestalde, bihar, 11:00etan, Andres Isasi Musika Eskolan, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleei zuzendutako "Dos pillos y un bombero" antzezlana eskainiko dute, eta arratsaldean, leku berean, sutearen simulakroa eta eraikina husteko jarduera izango dira, Getxoko Udaltzaingoaren, Babes Zibilaren, Ertzaintzaren, SOS Deiak-en eta Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileen partaidetzarekin.

Urriaren 13an eta 14an, dendariei zuzenduriko ikastaro praktikoarekin jarraituko dute, eta Algortan zabalik izango da suteen simulagailua.