Taupa mugimenduak mintzapraktika sarean egiteko aukera eskainiko du ikasturte honetatik aurrera

1118868.1.260.149.20260921135149
Vídeo de la noticia
Mintzapraktika egitasmoa - TAUPA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 21 septiembre 2026 14:12

BILBO 21 (EUROPA PRESS)

Taupa euskaltzaleen mugimenduak marka berriarekin eta 'Eman aukera elkarri' lelopean zabaldu du aurtengo Mintzapraktika egitasmoko izen-emate epea bere bazkide diren zenbait elkarte eta udaletan, eta sarean egiteko aukera da aurtengo berrikuntza nagusia. Euskal Herriko 80 herri ingurutan dago mintzapraktika aurrez aurre egiteko aukera.

Taupak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, mintzapraktikak, funtsean, euskara taldean eta aisialdian praktikatzea nahi duten pertsonak biltzen ditu. Egitasmoan parte hartzeko, gutxienez, euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi duen lagun talde bat elkartuko da, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunarekin elkarrizketan aritzeko.

Halere, mintzapraktika "hori baino askoz gehiago" dela nabarmendu du, ingurune akademikotik kanpo euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko aukera bat baita, "epairik gabe, ebaluaziorik gabe, testuinguru eroso eta atsegin batean".

"Jende berria ezagutzeko aukera bat da, harremanak euskaratik eta euskaraz eraikitzeko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunitate handi baten parte izateko. Euskarari ematen diogun aukera bat da, ezin izan dugulako nahi beste hitz egin, gure buruari mugak jarri dizkiogulako, lotsa edo beldurra sentitu dugulako. Eta, zergatik ez, gure buruari ematen diogun aukera bat da", azaldu du.

Taupak Euskal Herri osoko euskaltzale eta tokiko elkarteak saretzeko bokazioa du, eta, horregatik, egitasmoak ahalik eta jende gehienarengana hedatzeko ikuspegiarekin diseinatzen du bere eskaintza. Horrela, mintzapraktika sarean egiteko aukera zabaldu dute ikasturte honetan, eta bere herrian talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko ekintzetara bertaratzeko.

ERRONKA

Bestalde, Taupak gogorarazi duenez, ekainaren 13an Iruñean ospatu zen Euskaltzaleon Martxan iragarri zuen, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka: datozen hamar urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera %15,3tik %20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politiketara bideratutako aurrekontua batez besteko %0,45etik %2ra igotzea eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea.

Bada, Taupak bere jarduna erabileraren sustapenean kokatzen du bereziki, eta hori %20ra igotzeko erronkari "gogotsu" heldu dio. Horretarako, Mintzapraktika egitasmoa gakoa da, "hiztunak ahalduntzen ditu, euskara eremu mugatu batetik bere bizitzako esparru guztietara hedatzeko, segurtasuna emanez eta bere erronka pertsonaletik haratago, erronka kolektibo bati ekarpena egiteko aukera eskainiz".

Mintzapraktika talde batean izena eman nahi duen orok bere herriko euskara elkartean informazioa eskatu dezake edo sarean izena eman dezake ondorengo lotura honen bitartez: https://mintzapraktika.taupamugimendua.eus/mintzapraktika-iz...

Contador

Contenido patrocinado