Teknologia alorreko emakumeen lana aitortzeko Ada Byron sariaren seigarren edizioa abian da

Mahai ingurua izan da sariaren aurkezpenean
IREKIA
Actualizado: miércoles, 20 febrero 2019 14:06

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Ada Byron sariaren seigarren edizioa martxan da. Teknologia esparruko emakumeen lana erakutsi eta aitortzea, eta gazteen artean teknologia bokazioak sustatzea bilatzen du ekimenak. Gainera, teknologiak hazkunde ekonomikoan eta gizartearen etorkizuneko balio gisa duen garrantzia ezagutarazi nahi du.

Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Institutuko zuzendariak, Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingenieritza Fakultateko dekanoak, Soledad Murillo Estatuko Berdintasun idazkariak, Teresa Laespada Bizkaiko Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak eta Nerea Aranguren IK4-Ideko zentro teknoologikoko zuzendari orokorrak aurkeztu dute sariaren seigarren edizioa.

Horrela, hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 5era arte. Saria 3.000 eurokoa izango da, eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean maiatzaren 15etik 17ra egingo den ForoTech 2019 jardunaldietan emango da. Esparru akademiko, enpresa eta erakunde mailetako pertsonek osatutako epaimahai independente batek aztertuko ditu hautagaitzak eta proposatuko du saria nori eman.

Aurkezpenean Landaidak azpimarratu duenez, "zientzia eta teknologian emakumeen fenomenoa aztertzerakoan, ikasketen aukeraketan gertatzen den genero arrakala kontuan izan beharreko funtsezko eragileetako bat da. Baina ez bakarra. Genero rol eta estereotipoek sortzen dute genero arrakala hau, neska eta mutilek beraien ikasketak aukeratzea modu aske batean egitea mugatzen dituena".

Bere ustez, ikasketa hautaketan gertatzen den genero arrakalarekin batera, beste eragile batzuk kontuan hartu behar dira, besteak beste, emakumeek beren karrera teknologikoen garapen profesionalean aurkitzen dituzten oztopoak, sustapen eta ebaluazio mekanismoak zuzentzea eskatzen dutenak, edo zientifikotzat hartzen den ezagutzaren ikuskera androzentrikoa.

Sariaren aurkezpenean "Emakumea eta talentua, garai berrietarako eredu berriak" mahai ingurua ere egin da. Pilar Lopez Espainiako Microsoft-eko lehendakariak eta María Angeles Martín Prats 2018ko Ada Byron saridunak parte hartu dute. Moderatzaile lanak Cristina Giménez Elorriaga Ada Byron Sariaren koordinatzaileak egin ditu.