Tokikom Sariak azaroaren 12an banatuko dituzte, Arrasaten, 'Komunitatea josten' jardunaldian

Tokikom Sarien banaketa 'Komunitatea josten' jardunaldian
TOKIKOM
Actualizado: lunes, 25 octubre 2021 17:59

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldeak azaroaren 12an banatuko ditu 2021eko Tokikom Sariak, Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan egingo den 'Komunitatea josten' jardunaldiaren baitan.

Sariketa urtero egiten du Tokikomek, euskarazko toki komunikabideen lana gizarteratu eta aldarrikatzeko asmoz. Azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onenaren saria emateaz gain, publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere emango dute ekitaldian.

Aurkeztu diren 57 lanen artean, epaimahaiak bederatzi finalista aukeratu ditu sari horiek eskuratzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute epaimahaia, eta nabarmendu dutenez, "igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko".

Sariak emateko ekitaldia probestuz, Tokikomek jardunaldi bat ere antolatu du, euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutakoa. 'Komunitatea josten' izenburuarekin, tamaina ezberdineko komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte, nazioarteko adituen eskutik.

Horrela, BBCren 'Local News Partnerships' egitasmoa, eldiario.es-en kidetza programa eta Het Belang van Limburg hedabidearen euskarri anitzeko planteamendua ezagutzeko aukera ere izango da.

Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: "Ekartzen ditugun profesionalekin dugun harremanak erakutsi digu badugula nondik ikasi".

Tokikomek EiTBren laguntzaz eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako aldundien babesaz antolatu ditu sarien seigarren edizio hau eta jardunaldia. Sarrera doakoa izango bada ere, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, segurtasun protokoloak betetzeko. Izen ematea eta ekitaldiaren inguruko informazio xehea Tokikomen webgunean topa daiteke: https://tokikom.eus/sariak/2021