Trapagarango gaueko lokal batean indarrez lapurtzeagatik eta kalteak eragiteagatik, bi gizon atxilotu dituzte

Publicado: jueves, 27 febrero 2020 17:53

BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek 22 eta 31 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte ostegun honetan, Trapagaranen (Bizkaia), gaueko ostalaritza establezimendu batean indarra erabiliz lapurtzea eta kalteak eragitea egotzita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Goizaldeko 02:00ak aldera, bi pertsona Trapagarango gaueko establezimendu batean sartu dira eta zenbait kontsumizio hartu dituzte. Ez dituzte ordaindu nahi izan eta, gainera, langileetako batek barran zuen sakelako telefonoa hartu dute. Establezimenduko arduradunak jarrera gaitzetsi eta telefonoa itzul zezaten eskatu die. Bezeroek, ordea, mehatxu egin diote eta indarkeria handiz bota dituzte aulkiak. Hartara arduraduna lokaleko gela batean babestu da.

Emakume batek, arduradunaren lankideak, SOS Deiak 112 larrialdi zerbitzura deitu eta gertatzen ari zena jakinarazi du; bien bitartean, bi gizonezkoak barraren beste aldera salto egin ez zezaten eragozten saiatu da. Horren ondorioz lesioak izan ditu beso batean.

Indarka aritu ondoren, gizonetako bat barrara sartu da, kutxa erregistratzailea lurrera bota du eta, bildutako dirua lapurtu ondoren, handik lasterka ihes egin dute. Kanpora irtetean, bi gizonezkoek topo egin dute iritsi berri ziren Ertzaintzako patruilekin, eta agenteek harrapatu eta atxilotu egin dituzte, indarra erabiliz egindako lapurreta delituagatik eta lokalean eragindako kalteengatik. Bi atxilotuak polizia egoitzara eraman dituzte eta goizean utzi dituzte epailearen esku.