Trudy Lynn abeslariarekin bukatuko da larunbatean Getxo & Blues jaialdia

- GETXO & BLUES - Archivo

Actualizado: viernes, 19 julio 2019 17:40

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Getxoko 31. Nazioarteko Blues Jaialdia bukatuko da larunbatean, uztailaren 20an, Trudy Lynn abeslari estatubatuarraren emanaldiarekin. Texasko artista Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan arituko da, iluntzeko 21:00etan, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.

Trudy Lynnen (Lee Audre Nelms, Houston, Texas, 1947) ibilbidea Wheatley institutuko ahots taldean abiatu zen, eta lehenbiziko musika esperientzia garrantzitsua Albert Collins handiaren eskutik iritsi zitzaion: Big Tiny and the Thunderbirds taldearekin batera jotzen ari zela, Walter's Lounge klubeko agertokira igotzeko gonbitea egin zion.

Institutuaren ondotik, klubeko abeslari hastea erabaki zuen eta Trudy Lynn izen profesionala hartu zuen. Hasieran oso errepertorio mugatua bazuen ere, laster handitu zuen eta Texasko base militarretan jotzen zuten zenbait talderekin hasi zen. Haren emanaldietako bat ikusi ondoren, I. J. Gosey gitarrista handiak Clarence Greeni gomendatu zion. Haren taldean aritu zen bost urtean eta blues abeslari gisa trebatu zen. Taldea utzi ondoren, bakarlari lanetan ausartu zen, eta lantzean behin arrakastaren bat izan zuen; Ike eta Tina Turnerren biretako kontzertuak irekiz aritu zen.

Bakarlari gisa izan duen ibilbidea 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zen Ichiban Records diskoetxearen eskutik. 1989an bere lehen lana argitaratu zuen, "Trudy Sing the Blues", eta bere herrialdeko jaialdi handienetan jotzeko aterak ireki zizkion. Beste diskoetxe batzuetatik denbora laburrean igaro ondoren, 2014an Connor Ray Musicek fitxatu zuen. Horrez gain, konpositore gisa hasita, blues zerrendetako lehena izatea lortu zuen "Royal Oaks Blues Café" abestiarekin. "Blues Keep Knockin'" da bere azken lana, eta iaz eman zen argitara.

Bestalde, emanaldi nagusiarekin batera, Blue Bird talde bilbotarrak blues kanten bertsioak joko ditu 13:00etan, Kirol Portuan, besteak beste, Fleetwood Mac, Ray Charles, Robert Johnson eta John Mayerren klasikoak. Halaber, Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleak girotuko ditu Algortan 19:00etan hasita, eta, Trudy Lynnen emanaldiaren ondoren, Frank Blackfield gitarrista eta abeslaria arituko da The Piper's Irish Pubeko kontzertuan, 23:00etan.