Turistopiak turismoaren arloko 120 profesional bilduko ditu datorren ostegunean Bilbon

Actualizado 2014/10/13 17:53:03 CET

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Turistopia topaketaren hirugarren edizioak turismoaren arloko estatu espainiarreko 120 profesional baino gehiago bilduko ditu Bilbon datorren ostegunean, urriaren 16an. Parte hartzaileek esperientziak trukatu ahal izango dituzte, sektorea bultzatzeko negozio eredu berri, marketina egiteko modu eta berrikuntza prozesuen inguruan. Topaketa eredu "berritzaile eta dinamikoa da", eta bere xedea esperientziak trukatzea da, Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

Guztira, estatuko hainbat lekutako 15 enpresak eta hamar hizlarik euren esperientzia arrakastatsuak aurkeztuko dituzte, hitzaldien bidez. Horietan, gainerako profesionalekiko elkarreragina eta 'networking' nabarmenduko dira.

Ekitaldiaren xedea, batetik, zuzenean parte hartzen duten pertsonen jakinmina bereganatzea da, eta, bestetik, komunikazioaren teknologia berriak erabiltzea, sare sozialen bidez ondorio eta ideia nabarmenenak ezagutarazteko.

Turismoaren sektoreak berrikuntza sustatzeko eta ikasteko gunea izateaz gain, Turistopia "aukera aparta da sektoreko profesionalek sinergiak bultzatzeko, sinergia horiek etorkizuneko negozio ereduen eta baterako lan estrategien oinarriak izango baitira".

Turistopiak, bere hirugarren edizioan, zenbait berritasun sartu ditu programan, hala nola babesleen eta laguntzaileen erakusketa sortzailea, Instagram lehiaketa, "The workshop" berrikuntzarako prestakuntza programa eta sormen handia.

Parte hartzaileen artean izango dira norako turistikoetako kudeatzaileak, hizlariak, teknologia enpresak, ikerketa zentroak, upategiak eta ekonomiako industria dinamikoenetakoan parte hartzeko euren produktuak eta zerbitzuak hibridatu nahi dituzten beste sektore batzuetako profesionalak.

Turistopia topaketa Turiskopio Taldearen bost urteko lanaren emaitza da. Turismoaren alorrean espezializatutako marketin enpresa da Turiskopio eta bere helburua enpresei eta turismo norakoei besteengandik desberdintzen laguntzea da, balioa emanez eta komunikazio estrategiak eta sustapenerako sormenezko proposamenak sortuz.

Turistopia Bilbon sortu zen 2012an, eta, ordutik hona, topaketa hau hartu du. Topaketak Bilbo-Bizkaiaren posizionamenduari laguntzen dio, hiria sustatzeko eta hiriari bultzada emateko estrategikoa den sektorean.