Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea ireki da, irailaren 15era arte

Jose Luis Zumetaren litografia
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Actualizado: martes, 6 junio 2023 12:47

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien 15. ediziorako deialdia egin dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), eta irailaren 15era bitarte dago aukera hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko.

Arduradunek jakinarazi dutenez, 2008. urtean sortu zutenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Hain zuzen, euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremura biltzea bilatzen da.

Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke, beti ere oinarri zientifikoa badute edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen badituzte. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke, hala nola soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio zientzietatik.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez nparantza 'Txillardegi' euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

Bada, 2023ko ediziora lanak aurkezteko epemuga irailaren 15a izango da, eta txillardegihausnartu@soziolinguistika.eus helbide elektronikora bidali beharko dira. Irabazleak 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat irabaziko ditu; bigarren sailkatuak 1.300 euro, eta hirugarrenrak 1.000 euro.

Informazio osagarria, xehetasunak eta deialdiaren oinarriak https://soziolinguistika.eus/eu/txilardegi_hausnartu/2023-de... web orrian aurki daitezke.