Udaberriko Bertsoak Saioak maiatzaren 7an hasiko dira Santutxuko Karmelo plazan, Bilbon

Actualizado: viernes, 29 abril 2011 15:31

BILBO, 29 Abr. (EUROPA PRESS) -

Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak elkarrekin antolatzen duten Udaberriko Bertso Saioak programak bere 27. edizioa hasiko du maiatzaren 7an, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluzerekin. Emanaldia, ohikoa denez, 13:00etatik aurrera izango da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Maiatzaren 14ko hitzorduan, duela denbora gutxi ospatu den Bizkaiko Txapelketako finalistak izango dira. Arkaitz Estiballes txapeldunak errebantxa eskaini ahal izango die bere lehiakide gertukoenak izan zirenei, hots, Etxahun Lekueri, Onintza Enbeitari eta Beñat Ugartetxeari.

Programako aire zabaleko azken saioa maiatzaren 28an burutuko da, aurreko guztiak bezala, 13:00etatik aurrera, Karmelo plazan. Egun horretan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalean parte hartu zuten lau bertsolari ariko dira: Maialen Lujanbio txapelduna, Sustrai Colina, Jon Maia eta Unai Iturriaga.

Aurreko edizioetan bezala, Karmelo plazan egingo diren hiru bertso saioez gain, Udaberriko Bertso Saioak programazioaren barruan, Begoñako Udaltegian eskainiko den emanaldi berezia izango da maiatzaren 21ean, 12:00etan. Berrikuntza gisa, umeei eta familiei zuzendutako txotxongilo ikuskizuna izango da, "Katillukadak" izenburukoa.

Antzezlanak lau ipuin biltzen ditu, eta bertan, txotxongiloekin lan egiteko teknika desberdinak erabiltzen dira. Gidaria Katillu izango da, txotxongiloekin hitz egiten duen bertsolari eta ipuin kontalari beteranoa.

Bilbon euskal kultura eta euskara sustatzeaz gain, Udaberriko Bertso Saioak programak euskaltzaleen arteko topaleku izan nahi du eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskolak hirian burutzen duen lana bultzatu.