Udaltzain laguntzaileen lehen poltsan sartzeko hautaprobetara 434 pertsona aurkeztu dira

Publicado: viernes, 24 enero 2020 17:22

GASTEIZ, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Udaltzain laguntzaileen lehenengo poltsan sartzeko hautaprobak egin dira ostiral honetan, Gasteizeko Europa biltzar jauregian, eta 434 pertsona aurkeztu dira, 297 gizon eta 137 emakume. Udaltzain laguntzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legean dago jasota, udalerrietan aldi batean zerbitzua emateko, besteak beste, mugikortasun agenterik gabeko udalerrietako herriguneetan trafikoa antolatzeko.

Horrela, aurkeztu diren 434 pertsonek derrigorrezkoak eta baztertzaileak diren bi proba egin dituzte: test erako formatua duen proba psikoteknikoa udaltzaingoko laguntzaile lanak eta zereginak ebaluatzeko, besteak beste, hitzezko gaitasuna, arrazoitzeko gaitasuna, arreta eta pertzepzio gaitasuna eta gaitasun espazialak; eta nortasun proba.

Oposizio fasea gainditzen dutenak udaltzaingoko agente laguntzaile izateko formakuntza ikastaroa egiteko onartuko dira. Ikastaroak bi fase izango ditu: lehenengoa sareanb egingo da eta eduki teorikoak landuko ditu, eta bigarren fasea praktikoa eta presentziala izango da.

Formakuntza ikastaroa egiten eta gainditzen dutenak zuzenean sartuko dira udaltzain laguntzaileen poltsan. Poltsa formalki eratzen denean, deialdi bateratuetan parte hartu duten edo parte hartzen duten edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari berariazko eskaera egin dioten eta euren poltsarik ez duten udalen eskura jarriko da. Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da udaltzain laguntzaileen poltsa kudeatzeaz.

Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak martxoaren 4an egingo du Gasteizko Europa biltzar jauregian udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarako hautaketa prozesua. Izena emanda 1.387 pertsona daude, horietatik 398 emakumeak dira eta 989 gizonak.

Azkenik, Segurtasun Sailak gogoratu du beste deialdi bat duela zabalik, 700 ertzain plaza eta 26 udalerritako 110 udaltzain plaza betetzeko, eta deialdi horretan izena emateko epea otsailaren 5ean amaituko dela. Une honetan guztira 3.800 pertsonak eman dute izena.