"Udare erraldoiaren istorio harrigarria" filma euskaraz estreinatuko dute

"Udare Erraldoiaren Istorio Harrigarria"
ZINEUSKADI
Actualizado: viernes, 16 noviembre 2018 14:00

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

"Udare erraldoiaren istorio harrigarria" animaziozko filma euskara hutsean estreinatuko dute, azaroaren 23ean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait zinema aretotan, Zineuskadi elkartearen bitartez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programari esker. Estreinaldi berri honekin, dagoeneko hamar dira aurten euskaraz estreinatu diren filmak.

Bere arduradunek jakinarazi duetnez, udako atsedenaren ostean itzuli zen zinema aretoetara Zinema Euskaraz programa, eta, "komunikazio kulturalerako tresna gako gisa, eta euskararen erabilera bultatzeko asmoz", Zineuskadi elkarteak euskaratutako hainbat film eskainiko ditu urte amaiera bitartean. Orain aste batzuk, estreinaldi bikoitza egin zuten, "Smallfoot" eta "Horman erlojua duen etxea" filmekin, eta, orain, "Udare erraldoiaren istorio sinestezina" filmaren estreinaldia iragarri dute datorren asterako.

Sebastian elefantea eta Micho haren lagun onena Villasolen bizi dira, kostaldeko herrixka atsegin eta xelebre batean. Zoriontsu dira denak Villasolen. Egun batean, ordea, estimu handikoa duten JB alkatea desagertu egingo da.

Halako arratsalde batean, arrantzan ari dela, Michok botila bat aurkituko du, eta barruan JBren mezu bat topatuko du: Uharte Misteriotsuan harrapatuta dagoela eta bere bila joateko. Gainera, botilaren barruan hazi bat ere aurkituko du, gauetik goizera udare erraldoi bilakatuko den hazi bat. Itsasontzi bat eraikiko dute fruituarekin, eta bertan abiatuko dira Micho eta bere lagunak alkatea erreskatatzera.

Horrela, datorren asteburuan helduko da filma Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetara. Halere, beste inork baino lehenago ikusteko aukera izango dute igandean, azaroaren 18an, Errenteriako Niessen aretora bertaratzen direnek. Izan ere, asteburu honetan egingo dute filmaren estreinaldia EiTB eta HIRU3 komunitatearen lankidetzarekin.