UEUk 23 jardunaldi antolatu ditu 54. Udako Ikastaroetan "hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat egiteko asmoz"

UEUk 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 19 mayo 2026 11:45

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

UEU Udako Euskal Unibertsitateak 23 jardunaldi antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean 54. Udako Ikastaroetan, ekainaren 11tik uztailaren 10era, "hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat egiteko asmoz".

Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak, Irati Iciar Madinabeitia UEUko Udako Ikastaroen arduradunak eta Oihana Gale Zamponi UEUko Ipar Euskal Herriko arduradunak aurkeztu ditute astearte honetan aurtengo Udako Ikastaroak, Baionan.

Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 11tik uztailaren 10era, eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira, Iruñea, Eibar, Baiona, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara, alegia. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 12 euro balioko dute matrikula guztiek.

"Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune" bezala definitu dituzte UEUko arduradunek Udako Ikastyaroak, eta hasiera ekitaldian, ekainaren 11ean, euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko dute Bilbon, Euskaltzaindiarekin elkarlanean.

Aitor Bengoetxea Alkortak azaldu duenez, "UEUk duela lau urte Udako Ikastaroak gogoetarako gune bihurtzea erabaki zuen. Gure helburua hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa sortzea da, eta horregatik aurten ere hainbat eragileekin batera antolatu ditugu. Udako Ikastaroak partekatzeko guneak dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka eta parte-hartzea sustatzen saiatuko gara".

Horrela, hasiera jardunaldian, ekainaren 11ean, UEUrentzat "estrategikoa" den gaia landuko dute Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan: 'Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean'.

Bengoetxea Alkortaren hitzetan, "euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doa, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez edukitzea. Kezka horrek hainbat galdera piztu ditu UEUren baitan: zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde garaiarekin? Gai hau landu eta gizarteratu nahi dugu Euskaltzaindiaren laguntzaz".

PRESENTZIALITATEA

Bestalde, Irati Iciar Madinabeitiak Udako Ikastaroen presentzialitatea nabarmendu du, aurrez aurrekotasuna "ezinbestekoa" baita, "jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua".

"Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere. Jardunaldiek formatu eta izaera ezberdinak hartuko dituzte, ohiko hitzaldiez osatutakoak, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketa ere barnebiltzen dituztenak: ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain, aditu eta arituen hitzak jaso eta elkarrekin lantzeko aukerak eskainiko dira", azaldu du.

Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla esan du Iciarrek: "Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin, Oinherri, Iratzar Fundazioa, ALDEE... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek".

Azkenik, Oihana Gale Zamponik Ipar Euskal Herrian lortu nahi dituzten helburuak azaldu ditu: "UEUk Ipar Euskal Herriko ikertzaile eta unibertsitate komunitatearentzat erreferentzia bilakatu eta sare indartsua sortu nahi du urte guztian zehar".

"Era berean, formazio eragile bihurtu nahi dugu bertako erakunde, elkarte eta profesionalentzat. Horretaz gain, dibulgazio ekintzak egiteko asmoa dugu. Azkenik, unibertsitate, hezkuntza, euskalgintza zein kulturgintzako gainontzeko eragileekin elkarlanak sustatu nahi ditugu", adierazi du.

UEUk bi Udako Ikastaro eskainiko ditu Bernat Etxepare Lizeoan: 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' (Baiona, uztailak 3) eta 'Pizkundea: zentzua, izena eta izana' (Baiona, uztailak 4). Saio ludikoren bat ere antolatuko dute.

Contador

Contenido patrocinado