UEUk Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa egingo du Eibarren apirilaren 26an

Ezkerretik eskuinera: Aitzol Astigarraga, Abel Camacho eta Ireide Arriolabengoa.
UEU
Actualizado: miércoles, 17 abril 2024 12:37

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (EHU) 'Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa' egingo du Eibarren (Gipuzkoa) apirilaren 26an. Jardunaldian zehar ibilbide bat proposatu dute iraganetik etorkizunera, gaur egun gaiaren inguruan dauden arazoak nahiz esperientziak ere gogoan hartuta. Izena emateko epea zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Topaketa aurkezteko prentsa agerraldia egin dute asteazken honetan Eibarko Markeskoa jauregian Abel Camacho, Ireide Arriolabengoa eta Aitzol Astigarraga topaketaren batzorde antolatzaileko kideek.

Nabarmendu dute Mooteu Euskadi topaketa "oso garrantzitsua" da, bertan profil ezberdin baina interes bertsuko lagunak bildu eta elkartruke horrek ekarpen handia egiten diolako plataformari.

Moodlemoot Euskadi jardunaldiaren lehen edizioa 2007an izan zenetik hona, etengabe hazi da Moodle izeneko Ikaskuntza kudeatzeko Sistemaren (IKS) erabilera. Moodle zabalduen dagoen ikaskuntza kudeatzeko sistema da, eta une honetan, hezkuntza etapa guztietako irakasleak ari dira erabiltzen. Horren zabalkunde zabalak dakar, ezinbestez, era eta molde guztietako hezkuntza esperientziak gertatzea han eta hemen, eta, hain zuzen ere, hori da topaketaren helburua.

Une honetan, baina, 'e-learning'-ak, eta horrekin batera ikasteko plataforma telematikoek, teknologiaren nahiz metodologiaren ikuspuntutik, ziurgabetasunik gabeko garapena izango dutela adierazi dute UEUko kideek, bide hori baldintza dezaketen aldagaiak hainbat direlako.

"Besteak beste, adimen artifiziala dugu, baina ez hori bakarrik. Jakin badakigu ikasteko moldeen arteko aldeak lausotzen ari direla, eta, halaber, ikasgela hedatuak (HyFlex) gora doazela. Gainera, ikasteko eta irakasteko ekosistemek ikuspuntu globalago batetik erantzungo diete hezkuntza premiei, eta horietan Moodle ere birkokatu beharko da", azaldu dute.

UEUko antolatzaileek ibilbide bat proposatu dute jardunaldian zehar, iraganetik etorkizunera doana, gaur egun gai honen inguruan dauden arazoak nahiz esperientziak ere gogoan hartuta. Horrela, jardunaldiaren sarrera hitzaldian Euskal Herrian 'e-learning'-ak historikoki izan duen ibilbide metodologikoa laburbiltzen saiatuko dira.

Garapen horretan Moodlek oso rol garrantzitsua jokatu du, eta, tresna den aldetik, urte hauetan izandako garapen teknologikoa aztertuko dute. Horretarako, ezinbestez, ikasgela birtualaren itzulpenean nahiz esperientzia metodologiko berritzaileetan lagundu duten pertsonak eskertzeko ere baliatu nahi dute hitzaldia.

Era berean, gaur egun era guztietako esperientzia berritzaileak gauzatzen ari dira Euskal Herrian eta, hori dela eta, Mooteu Euskadi topagune "ezin hobea" da horien berri emateko, "elkar ezagutzetik eta nork bere proiektuak partekatzetik etor baitaiteke berrikuntza".

MAHAI INGURUA

Jardunaldiaren amaieran hemendik aurrera adimen artifizialak eman dezakeena aztertu edota aurreikusi nahian arituko direla aipatu dute antolatzaileek, 'Hezkuntzaren etorkizuna adimen artifizialen garaian: non gaude? zer dator?' mahai ingurua antolatuta.

"Mahai inguru formatua eman diogu azken saio horri, eta hizlariak zein diren ikusita, argi dago oso interesgarria izango dela eztabaida, alderdi teknologikotik zein metodologikotik. Horrez gain, adimen artifizialak sorraraz ditzakeen zalantza etikoak ere jarriko dira mahai gainean".

Azkenik, Abel Camachok aipatu du Euskal Herrian UEU izan zela Moodle erabili zuen lehen erakundea, hain zuzen, 2004ko otsailean eskainitako 'Interneten informazioa aurkitu: non eta nola' izeneko ikastaroaren bitartez. Luistxo Fernandezek eman zuen eta Moodleren 1.0.8 bertsioan oinarritu zen.

UEUk hasiera hartan lehenbiziko itzulpenean ere lagundu zuen, eta ordutik, etengabe erabili izan du ikasgela birtuala bere sareko eskaintzan, bai ikaskuntza formaleko testuinguruan (hainbat graduondokotan eta irakaskuntza masterrean), bai ikaskuntza ez-formalekoan (profesionalen etengabeko prestakuntzaren esparruan ehunka ikastaro eskaini dira).

UEU aitzindari eta eragile nagusietako bat izan da irakasleen konpetentzia digitalaren garapenerako prestakuntza ikastaroetan: "Gaur egun han eta hemen testuinguru birtualetan ari diren irakasle askok eta askok UEUri esker eskuratu dute prestakuntza teknologikoa eta metodologikoa. Bestela esateko, UEUk ikasle eta irakasle askori online ikastaroak zertan diren irudikatzeko modua eman die. Hau guztiagatik, pozik gaude bigarren aldiz MoodleMoot Euskadi topaketa antolatzeagatik".

Contador