UEUk on line eskaintza indartu du bere udaberriko ikastaroetan

Ane Sarasua UEUko idazkari nagusia
Foto: UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA
Actualizado: miércoles, 26 febrero 2014 13:54

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udaberriko eskaintza aurkeztu du gaur, otsailaren 26an, Eibarko egoitza nagusian, on line eskaintzari garrantzi berezia emanez. Horrela, martxoa eta maiatza bitartean hamar ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren bertan. Oroimen historikoa, moodle, ahots teknika, sormena eta beste hainbat gai landuko dituzte ikastarootan.

   Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak "diru laguntza garrantzitsua" bideratu du ikastaro hauetan parte hartuko duten gipuzkoarrentzat on line prestakuntza bultzatzeko, Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak aurkezpenean azaldu duenez.

   Sarasuak gogorarazi du UEUk 2001ean inauguratu zuela bere Ikastetxe Nagusia, Eibarko Isasi-Markeskoa jauregia. Geroztik, urtez urte bere eskaintza akademikoa ugaritu egin da, bai antolatutako ikastaro kopuruari dagokionez, bai eta jorratutako gai eta ildoei dagokionez ere. Etengabeko prestakuntzaren euskarazko eskaintza "egonkortu" egin du horrela UEUk.

   "Eibarko eta Debabarrenako erreferentzia akademikoa izan nahi du UEUk. Horretarako, Ikastetxe Nagusian eskaintza propioaren atala zabaltzea erabaki zen. Eibar inguruko euskarazko formazio eskaintza zabaldu nahi dugu, beti ere, etengabeko prestakuntzaren alorrean", azaldu du.

   Ikasturte honetan, UEUk on line bidezko ikastaroen eskaintza zabaltzea erabaki du eta hori igarri daiteke udaberriko eskaintza honetan ere. Horrela, ikaslego potentzial zabalago batengana iristeko aukera ematen du, eta denbora/lekua aldagaiak norberak erabakitzen ditu, etxetik egin baitaiteke norberak nahi duen orduan. Halaber, malgutasuna ematen du eguneroko bizitzarekin uztartzeko, eta Euskal Herritik kanpo bizi direnak ere euskaraz prestatu daitezke.

   UEUren on line pedagogia eredua pertsonengan oinarritzen da, eta pertsonengan oinarritutako e learning ereduan, ikasleak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatza eta baliabide teknologikoak pertsonen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologikoen atzean adituak daude, ikasleek irakasleekin harreman zuzena dute, eta irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua gidatzen eta dinamizatzen dute, ikasleari ezagutza eraikitzeko bitartekoak eskainiz.

HELBURUAK

   Eskaintza antolatzeko orduan, gaurkotasuna duten gaiak eskaintzea, gizartean dauden premiei erantzutea, aurreko edizioetako ikastaro arrakastatsuei jarraipena ematea, interes orokorreko gaiak lantzea, kalitatezko eskaintza egitea eta euskarazko prestakuntzaren eskaintza zabaltzea Eibar eta Debabarrenean izan ditu kontuan UEUk.

   Horrela, udaberriko ikastaroak, hezkuntza testuinguru guztietako irakasle eta hezitzaileei, profesionalak eta interesa duen edonori daude zuzenduta.

   Eskaintza osatzeko orduan, UEUk kontuan izaten du bertara hurbiltzen den ikaslegoaren profila (pertsona heldua, 30-35 urte, unibertsitateko ikasketak egina dituena, lanean dabilena eta emakumea nagusiki), eta, hein handi batean, sakontze eta eguneratze ikastaroak prestatu ditu udaberrirako.

   Bestalde, Eibar eta Elgoibargo udalek diru laguntzak ematen dituzte bertan erroldatutako herritarrentzat, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak UEUren on line lerroa bultzatzen du eta, hori dela eta, matrikulatzen diren gipuzkoarrek diru laguntza izango dute: prezio orokorraren %35 gehienez, beti ere udalaren aldetik laguntzarik ez duten gipuzkoarrentzat.

   Eibarko ikastaroak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroak dira. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak bi bide ditu eskura: www.ueu.org webgunea eta 943 82 14 26 telefonoa.