BILBO, 8 (EUROPA PRESS)
UEU Udako Euskal Unibertsitateak 52. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu asteazken honetan Iruñean, eta, azken bi urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko asmoz.
Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 6tik uztailaren 10era, eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Iruñea, Eibar, Baiona, Donostia, Bilbo, Tolosa eta Usurbil. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.
Aurkezpenean parte hartu dute Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak, Irati Iciar Madinabeitia UEUren Udako Ikastaroen arduradunak eta Edurne Koch Elizegik UEUko Nafarroako arduradunak.
"Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala" definitu dituzte UEUko arduradunek Udako Ikastaroak, eta euskararen estatus juridikoa landuko dute ekainaren 6ko hasiera ekitaldian, Iruñean. Matrikula egiteko epea zabalik dago www.ueu.eus webgunean.
Iciarrek zehaztu du aurtengo edizioan 20 jardunaldi, topaketa eta gogoeta gune prestatu dituztela Iruñea, Baiona eta Eibarreko ohiko egoitzetan, eta aurten baita Usurbil, Bilbo, Donostia eta Tolosan ere.
"Duela bi urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren baitan, gizartearentzat eta UEUrentzat estrategikoak diren gaiak lantzeko erabakia hartu genuen, eta ildo horretan jarraituko dugu. Udako Ikastaroak konpartitzeko guneak dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka eta euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte hartzea sustatuko dugu", azaldu du.
Edonola ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla ziurtatu du: "Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere".
Jardunaldi formatu eta mota ezberdinak izango dira, ohiko hitzaldiez osatutakoak, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketa ere barne biltzen dutenak. Horrela, ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain (matematikari eta hizkuntzalariak, komunikazioak aurkeztuko dira), jardunaldi batean ikerketa laborategi bat sortuko da (Belaunaldi artekotasuna), eta "partaideak beraiek izango dira lagin, sortzaile eta hartzaile".
Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du UEUren Udako Ikastaroen arduradunak, eta ikastaroak lankidetzan oinarritzen direla, eta hainbat eragilerekin batera antolatu baitira, hala nola Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin, Rolariak Kultura Elkartea, Iratzar Fundazioa, Udalbiltza, Oinherri edota ALDEE. "Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek", gaineratu du.
EUSKARAREN ESTATUSA
UEUren 52. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldia Iruñeko Kondestable jauregian egingo dute ekainaren 6an, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: 'Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak'.
Agerraldian azaldu dutenez, euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian konplexua da, hiru estatus oso desberdin baitaude Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Gainera, gai pil-pilean dago azkenaldian EAEn euskara nozitzen ari den oldarraldi judizialagatik.
UEUk jardunaldia ikuspegi zabaletik planteatzen du, egungo koiunturaz haratago, "gure esparrukoa den ekarpen akademikoa eginez". Helburua bikoitza da: alde batetik, esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea, eta haren arazoak eta zalantzak plazaratzea, eta, bestetik, ikuspegi anitzekoa eta nolabait prospektiboa den gogoeta bultzatzea, ertz desberdinetatik helduta, eta euskararen egoera eta etorkizunari buruzko gogoetarako klabeak ematea.