Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa EHUren egoitzetan, BECen, Ficoban eta Iradier Arenan egingo da aurten

Iazko unibertsitatera sartzeiko ebaluazioko azterketa egiten.
IREKIA
Actualizado: viernes, 14 mayo 2021 12:15

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Unibertsitatera sartzeko ebaluazioko azterketak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) egoitzetan, Barakaldoko BECen (Bizkaia), Irungo Ficoban (Gipuzkoa) eta Gasteizko Iradier Arenan egingo dira aurten, ekainaren 8, 9 eta 10ean (ohiko deialdian), eta uztailaren 6, 7 eta 8an (ezohiko deialdian).

EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi dutenez, "elkarlan estuan" jardun dute ikasturte osoan, unibertsitatera sartzeko ebaluazioa osasun bermerik handienekin burutu dadin. Horrela, egungo egoera aintzat hartuta, ohi baino egoitza kopuru handiagoa mantendu dute azterketak osasun baldintzarik onenetan egin daitezen.

Hain zuzen, EHUren hiru campusetako ohiko egoitzei beste hiru batuko zaizkie: BEC Bizkaian, Ficoba Gipuzkoan eta Iradier Arena Araban. Iazko esperientzia positiboa gogoan, ordutegia berregin da aurten ere, higiene, segurtasun eta antolaketa neurriak betetzen direla bermatzeko, bai eta ikasleen itxaronaldiak eta atsedenaldiak hobetzeko ere.

Parte hartzaileek azterketa egiteko behar duten idazmahaiko materiala eraman beharko dute, bakoitzak berea, (boligrafoak, erregelak, kalkulagailua), eta ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia mantendu beharko dute, une oro.

Maskara erabiltzea ere nahitaezkoa izango da. Ikasgelara sartu aurretik, pertsona guztiek eskuak garbitu beharko dituzte urarekin eta xaboiarekin, edo geletarako sarbideetan jarritako soluzio hidroalkoholikoarekin. Dagokion epaimahaiko buruak edo idazkariak emandako jarraibideak bete beharko dira beti.

Bestalde, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, 2020an egin bezala, unibertsitatera sartzeko ebaluazioko gaien azterketen berregituraketa mantentzea adostu dute EHUk eta Hezkuntza Sailak. Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio zein zuzenketa
irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabili ohi direnak dira.