Unibertsitatera sartzeko proba uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo da EAEn

Ikasleak selektibitatea egiteko prest
EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 25 marzo 2020 14:25

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa uztailaren 6an, 7an eta 8an izango da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Asteazken honetan Estatuko Hezkuntza Konferentzian bideokonferentzia bidez parte hartu ondoren hartu du erabakia Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Euskal Herriko Unibersitatearekin (EHU) koordinatuta.

Halaber, egutegi berriak jasotzen du emaitzak uztailaren 15ean argitaratuko direla. Gainera, ezohiko proba uztailaren 20an, 21ean eta 22an egingo da, eta emaitzak uztailaren 29an plazaratuko dira.

Kasurik txarrenean ekainaren hasierarako berriz ere eskolak eman ahal izango direla aurreikusita hartu du Eusko Jaurlaritzak egutegi berria ezartzeko erabakia.

Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioaren egiturari eta edukiei dagokienez, bere eskumen berezitasunagatik definitutako eskumen eremuan oinarrituta, Euskadi arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz edo proba mota malgutzeaz. Lan hori EHUrekin koordinatuta egingo da.

Bestalde, Hezkuntza sailburuak bileran azaldu du Hezkuntza Saila lan eskaintza publikoa atzeratzeko aukera aztertzen ari dela. Ekainaren 20rako dago aurreikusita lehen azterketak egitea, eta, gertaeren bilakaeraren arabera, Jaurlaritzak data hori atzera dezake, baina betiere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei zuzendutako lan eskaintza publikoari eusteko konpromisoari eutsiz.