Uraren Astea ospatuko da Bilbon astelehenetik ostegunera bitartean

Actualizado: domingo, 23 noviembre 2014 10:49

BILBO, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

URA Uraren Euskal Agentziak eta UNESCO Etxeak Uraren Astea antolatu dute hirugarren urtez jarraian, eta aurten Bilbon egingo da, astelehenetik ostegunera, azaroaren 24tik 27ra. Euskal gizartean uraren inguruko sentsibilizazioa, ezagutza, eztabaida, hausnarketa eta inplikazioa zabaltzeko aukera eman nahi du ekimenak. Horretarako, urari eta saneamenduari buruzko zinema ziklo bat egingo da, bai eta, aurtengo berritasun gisa, haurrentzako tailerrak ere.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, jarduera horiek jende guztiarentzat izango dira, bereziki, urari lotutako bizitzaren alderdiak (osasuna, garapena, generoa, zuzentasuna, ingurumen jasangarritasuna) ezagutzeko eta gogoetagai erabiltzeko interesa duten familientzat. Guztia Arrupe Etxean egingo da, 18:30etik aurrera (sarrera doan).

Egitarauari dagokionez, astelehen honetan, azaroaren 24an, Uraren Astea aurkeztuko da, eta "La Ría de Bilbao" (Pedro Olea, 1966) eta "Aral. El mar perdut" (Isabel Coixet, 2010) dokumentalak proiektatuko dira. Asteartean, azaroaren 25ean, "La soif du monde" (Yann Arthus-Bertrand, 2012) izango da ikusgai, eta biharamunean, asteazkenean, "La source des femmes" (Radu Mihaileanu, 2011). Azkenik, ostegunean, azaroaren 27an, "H2Omx" (Lorenzo Hagerman eta José Cohen, 2014) dokumentala proiektatuko da.

Zinema saioek iraun bitartean, aldameneko areto batean urarekin zerikusia duten tailerrak egingo dira 4 urtetik gorako haurrentzat. Horrenbestez, haurrak zaintzen dituzten pertsonei saioetara joateko aukera emango zaie, haurrek gozatu eta ikasi bitartean. Tailerretan egingo den guztiak urarekin eta saneamenduarekin izango du zerikusia: jolasek, margotzeak, collageak eta abar.