Urkulluk dio "ilusioa" duela Euskadi "Europan nazio bat" izan dadin lan egiteko

Actualizado: martes, 8 enero 2013 11:29

Espetxe politika "ezberdina" eskatu du, baina "askoz emankorrago" ikusten du "lan zuhurra eta isila", manifestazioak baino


BILBO, 8 Ene. (EUROPA PRESS) -

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du "ilusioa" duela Euskadi "Europan nazio bat" izan dadin "ibilbidea" egiteko, eta autogobernuaren arloan ez duela "adabakirik" onartuko ohartarazi du.

Onda Vasca irratiari eskaini eta Europa Press-ek jaso duen elkarrizketa batean, Urkulluk esan du autogobernuan aurrera egitea planteatuko diola Mariano Raxoi Espainiako presidenteari, berarekin biltzen denean, "baita autogobernuaren estatus berria izan daitekeenaren definizioan ere".

"Badakit erronka zaila dela, baina lortzeko ilusio osoa daukat. Eta espero dut alderdi politikoekin lortutako akordio batekin izatea", gaineratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Halere, Urkulluk zehaztu du Raxoirekin izango duen bilera "Euskadin egin beharreko inbertsioetan" oinarrituko dela, "eskumena duen inbertsio horiekiko Gobernu espainiarraren konpromisoan, Kontzertu Ekonomikoarekiko eta Kupoarekin konpromisoan, eta autogobernuaren defentsarekiko konpromisoan".

ESPETXE POLITIKA

Bestalde, Iñigo Urkulluk espetxe politika "ezberdina" bultzatzeko eskatu du, eta arlo honetan "askoz emankorrago" ikusten du lan "zuhurra eta isila", Bilbon datorren larunbatean izango den ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazioa baino.

Gainera, bere ustez, euskal gizartea "solidarioagoa" izango litzateke mota honetako aldarrikapenekin, larunbateko martxa bezalakoa deitzen dutenek "beste eskubide" batzuren alde "ozenago hitz egin izan balute".

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogoratu du "duela urte asko" eskaera bera egiten zuten elkarretaratze eta manifestazio "askotan" egon zela, eta "irmotasunez" sinesten du oraingoarekiko "ezberdina" den espetxe politika baten aldarrikapenean.