Vaivén Producciones-en "Sherezade eta tipularen azalak", XIX. Donostia Antzerki Sariaren irabazle

Vaivén Producciones konpainiaren "Sherezade eta tipularen azalak" lanak lortu du
DONOSTIA KULTURA/VAIVÉN PRODUKZIOAK
Actualizado: viernes, 15 marzo 2019 12:19

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

Vaivén Producciones konpainiaren "Sherezade eta tipularen azalak" antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XIX. Donostia Antzerki Saria. Modu honetan, lan hori da 2018an helduentzako Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena. Antzerki taldeak 12.000 euro eta Andrés Nagel eskultore, margolari eta grabatzaile donostiarrarenen artelana jasoko ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengoarekin, Vaivén Producciones konpainiak Donostia Antzerki Saria jasotzen duen bigarren aldia da, 2002an ere irabazi baitzuen, "Lotsa gabe" lanarekin. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, "Zazpi Senideko" bigarren sailkatu den lana eskainiko da.

Ohikoa izaten da sari emate ekitaldia eta gero Donostia Antzerki Saria irabazi duen antzezlana eskaintzea, baina aurten ez da horrela izango. Izan ere, Vaivén Producciones konpainiak ikuskizuna bukatutzat eman zuen eta ezin izan du berreskuratu martxoaren 27ko ekitaldirako. Gauzak horrela, eta Donostia Antzerki Sariaren oinarriei jarraituz, epaimahaiaren erabakiz bigarren sailkatu den lana antzeztuko da.

Donostia Antzerki Sariko epaimahaiak edizio honetan saritu duen "Sherezade eta tipularen azalak" antzezlana "oso gai sakona" lantzen duen lana bada ere, "modu arinean kontatzen du", eta epaimahaiak hainbat arrazoi eman ditu lana saritzeko. Horrela, "oso testu poetikoa eta ederra" dela azpimarratu du, eta antzezlanean lan metaforikoa egiten dela. Antzezleen lana ere "oso ontzat" jo du epaimahaiak, "gorputz adierazpena izugarri lantzen baitute eta lan fisiko ikaragarria egiten baita".

Era berean, agertokian oso elementu gutxi azaltzen badira ere, denak "oso ondo" eta "zentzu handiz" erabiltzen direla azpimarratu du, berrerabili egiten dira eta. Halaber, "arriskuak" hartu dituen antzezlana izan arren, "oso ondo" bideratu dutela eta "benetan ausarta" dela nabarmendu du.

Bestalde, euskararen erabilerari dagokionez, Donostia Antzerki Sariko epaimahaiak adierazi du "oso euskara egokia" erabili dutela eta itzuli den lan bat bada ere, "oso itzulpen ona" egin dela, literarioa delako.

Joseba Usabiaga (Euskal Aktoreen Batasuna), Silvia Manzana (EHAZE), Frank Suarez (Euskal Kultur Erakundea), Oihana Maritorena (AISGE), Karlos del Olmo (itzultzaile-idazlea), Zuriñe Maguregi (publikoaren ordezkaria) eta Unai Etxebeste (publikoaren ordezkaria) izan dira aurtengo epaimahaikide.

EUSKARAZKO ANTZERKIA

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Donostia Kultura "ahalegin berezia" egiten ari dira euskarazko antzerkigintza sustatzeko. Horrela, 2018an, helduentzako 16 antzerki lan eta 45 emanaldi eskaini ziren Donostian, eta guztira 7.544 ikusle izan ziren emanaldi horietan. Antzezlan horietatik 12 izan ziren Donostia Antzerki Sarian parte hartzeko baldintza betetzen zituztenak, hots, konpainia profesional batek antzezlana lehenbiziko aldiz Donostian eskaintzea.

Izan ere, Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, adostutako hitzarmena dela medio, "euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu da azken urteotan, betiere kontuan hartuta zein den euskarazko urteko ekoizpena". Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte.