Zahartze osasungarria sustatzeko nazioarteko proiektu batean dihardu Basque Culinary Center

Actualizado: viernes, 15 marzo 2013 12:59

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Basque Culinary Center SiforAGE izeneko proiektuan parte hartzen ari da, Europako, Brasilgo, Indiako eta Turkiako beste 20 bazkiderekin batera. Elikadura, ariketa fisikoa eta ekintza sozialak barne hartzen dituzten gizarteko berrikuntzen eta bizi-ohitura osasungarrien jardunbide onak aztertzean datza proiektua, horrela, zahartze osasungarria sustatzeko.

Proiektuak lau urteko iraupena izango du, eta Basque Culinary Centerrek ostiral honetan egingo dio harrera Espainiako Partzuergoak unibertsitateko I+G zentroaren instalazioetan egingo duen lehenengo bilerari.

Elena Urdaneta doktorea, Basque Culinary Centerreko irakaslea, proiektu europarraren koordinatzaile zientifikoa da; administrazio-koordinazioa, berriz, GISME-Bartzelonako Unibertsitateari dagokio. Basque Culinary Centerrez gain, INGEMAk -Matia Institutu Gerontologikoak-, Lleidako Unibertsitateak eta Bartzelonako Unibertsitateko GISME taldeak osatzen dute proiektu honen Espainiako partzuergoa.

Basque Culinary Centerreko I+G+B zentroaren helburua ikerketa eta ezagutzaren transferentzia goi-mailako sukaldaritzako profesionalen eta zuzenean nahiz zeharka gastronomiarekin lotura duten enpresa sektoreen artean sustatzea da, horrela euren arteko sinergiak sortzen lagunduz.

Zentroak sei ikerketa-ildo garatuko ditu: Heziketa eta elikadura-ohiturak; Elikaduraren erantzukizun soziala; Elikadura joerak; Berrikuntza sektoreko enpresen kudeaketan; Lotura duten teknologien garapena; eta, azkenik, Elikagaien prestaketa, aurkezpena eta kontserbazioa.