Zainketa intentsiboen humanizazio jardunbide egokien nazioarteko ziurtagiria lortu du Galdakao-Usansoloko ZIUk

Galdakao-Usansoloko ospitaleko ZIUko lantaldeko kideak.
OSAKIDETZA
Actualizado: viernes, 23 septiembre 2022 13:33

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Aenor erakundeak ematen duen zainketa intentsiboen humanizazio jardunbide egokien nazioarteko ziurtagiria lortu du Osakidetzako Galdakao-Usansolo ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateak (ZIU), eta horrela, ziurtagiri hori lortu duen Euskadiko lehen erietxea da, Osakidetzatik jakitera eman dutenez.

Ziurtagiriak berariaz eta publikoki aintzatesten du Galdakaoko-Usasnolo ospitaleko ZIUk arreta humanizatua eta kalitatezkoa emateko beharrezko baldintzak betetzen dituela. 2019an egindako lehen urratsen ondoren, ziurtatze prozesua arrakastaz amaitu da. Hala, talde lana, profesionalen eguneroko ahalegina eta pazienteei zein haien senideei arreta hurbilagoa eta kalitatezkoagoa ematea bermatzen dituen aitorpena eskuratu du Osakidetzak.

Humanizazioarekin lotutako alderdi batzuek "kezka" eragiten zioten Galdakaoko-Usansoloko ZIUri, eta 2016an Humanizazio Batzordea sortu zen. Lehen ekimenen artean bisita ordutegia luzatzea izan zen, paziente, profesional eta senideei inkesta egin ondoren ezarritakoa.

Bisita ordutegia luzatzeaz gain, azken urtean hainbat ekimen ezarri dituzte, hala nola senideek pazientearen zainketetan parte hartzea edo senideentzako gida bat egitea. Bestalde, senideentzako atseden gela egokitu da, erosoagoa eta lagunkoiagoa izan dadin, baita boxak ere.

Pazienteen gaueko atsedena erraztu da eta kutsadura akustikoa minimizatzeko neurriak hartu dira. Halaber, pazientearen ongizate eta onurarako protokolo ugari egin dira, esaterako, paseatzeko (sendatzeko balio duten paseoak), sedatzeko eta errehabilitatzeko protokoloa.

Galdakao-Usansolo ospitaleko ZIUko lantalde osoak "harrotasunez" jaso du aintzatespena, ergindako bideari aitortza delako eta unitatetik igarotzen diren pertsona guztien ongizatea hobetzeko balio duen egitasmoa delako. "Zainketa intentsiboak humanizatzeak pertsonak ardatz dituen zainketen alde egitea dakar", adierazi du Ainara Arana gainbegiraleak.

Bestalde, Maite Esteban ZIUko erizaintzako laguntzaile eta Humanizazio Batzordeko kideak esan du ziurtagiria "pizgarria" dela ildo horretan lanean jarraitzeko, bai eta ZIUn "orain arte pentsaezinak ziren proiektu berriei ekiteko akuilu" ere.

Azkenik, Virginia Arnaiz unitateko medikuak adierazi duenez, "pazienteari arreta hobea eta hurbilagoa emateko balio izan duen diziplina anitzeko talde lanari eta gure eguneroko ahaleginari saria da guretzat ziurtagiri hau".