Zientziarako onddo espezie berria aurkitu da Pagoeta parke naturalean, Aian

Aurkituriko onddo espezie berria.
ARANZADI
Actualizado: viernes, 24 enero 2020 17:08

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek zientziarako onddo espezie berria aurkitu dute Pagoeta parke naturalean, Aian (Gipuzkoa), eta Pseudosclorococcum golindoi deitu diote. Aurreneko bilketa Altzolarats errekan egin zen, eta ondoren Agorregiko burniola eta Mindi errekaren inguruko baso mistoan, Platanus hispanica zuhaitzaren hildako egurrean.

Mikologia saileko zuzendari Ibai Olariagak gidatu duen ikerketan, Joakin Martin eta Joxepo Teres Aranzadiko mikologoek, Juan Carlos Unibertsitateko Maria Prieto biologoak eta Hans-Otto Baral onddo askomizeteetan erreferentea den zientifikoak parte hartu dute.

Haien hitzetan, "espezie berri honen aurkikuntza oso interesgarria da, dugun ondarea eta biodibertsitate naturala aberasten duelako, eta informazio biologikoa ematen digulako. Orokorrean planetaren eta bereziki Euskal Herriaren biodibertsitatea kontserbatu nahi dugu, eta daukaguna identifikatzea eta bere egoera aztertzea helburutzat hartu beharko genuke".

Askomizete onddo hau Sclerococcum generoko espezieen antzekoa da, baina asku zilindrikoak azaltzen ditu eta muturreko kaskua ez da amiloidea izaten. Kultiboan lortutako anamorfo asexuala Chalara tipokoa da, eta Sclerococcum generoko espezieek azaltzen dutenen desberdina. Ezaugarri horiek eta analisi filogenetikoak Sclerococcales barruan kokatu zuten onddo hau, baina posizio isolatu batean, eta horren ondorioz, zientziarako genero eta espezie berria identifikatu da.

Onddo espezie berria Pseudosclorococcum golindoi izendatu dute, Jose Luis Albizu Aranzadiko mikologo zarauztarraren izenean, aurreneko biltzaileenetako bat izan zelako eta bizitza erdia onddoen mundua aztertzen igaro duelako. Ikerketaren prozesua eta emaitzak 'Mycological Progress' aldizkari zientifikoan argitaratu ziren 2019an.