Zine dokumentalari buruzko lehen foro profesionala egingo dute Zinebiko 60. edizioan

Zinebi Networking
ZINEBI
Actualizado: sábado, 13 octubre 2018 11:41

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, EiTBk, Euskadiko Produktoreen Elkarteak (EPE) eta Bizkaiko Foru Aldundiko BEAZ sozietate publikoak "Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea" zine dokumentalari buruzko lehenengo foro profesionala antolatuko dute jaialdiaren 60 edizioan. Ekimenaren helburua bertako talentua bultzatzea eta Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenari laguntzea da. Zinebi azaroaren 9tik 16ra ospatuko da.

Ekoizten ari diren edo garapen egoera aurreratuan dauden film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izateko epea urriaren 26ra arte egongo da zabalik. Ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzordeak proposamen onenak aukeratuko ditu foroan parte hartzeko, eta irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du.

Bere arduradunek azaldu dutenez, "Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea" ekimenaren xedea da garrantzia hartzen ari den ikus-entzunezko sormena eta euskal zine ekoizpena sustatzea. Horrela, bertako ikus-entzunezko egitura handitzea eta euskal eragileek eta erakundeek sektoreko enpresekin eta profesionalekin nazioarte mailan lankidetzan aritzea bilatuko da.

Gure ingurunean dokumental proiektu sortzaileen eta independenteen garapenari laguntzeko asmoz, foroak ekoizleen eta zinemagileen garapen artistikorako eta profesionalerako plataforma izan nahi du, esperientzien, jakin-minen eta interesen trukea bultzatzeko, proiektu dokumental berrien garapenean sinergiak sortzeko modu eraginkor gisa.

Horrela, foroa Zinebin egingo da, talentu gaztea, dokumentalei buruzko ideiak eta proiektuak arrakastaz gauzatzeko moduari buruzko aholkularitza emango dieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko.

10.000 EURO

Euskadiko produkzio edo ekoizpen independentea bultzatzeko eta nazioarte mailan izan dezakeen potentziala proiektatzeko xedez, proiektu irabazleak 10.000 euro eta ideia gauzatu ahal izateko beharrezkoa den aholkularitza profesionala jasoko ditu.

Aurkeztutako proiektu guztien artean, jaialditik kanpoko aukeraketa batzordeak eta Zinebiko zuzendaritzak onenak aukeratuko ditu. Aukeraketa horretan kontuan hartuko dira ideia, proposamen estetikoa eta produkzioaren bideragarritasun profesional eta ekonomikoa. Gainera, proiektu bakoitzaren aurkezpen publikoaren aurretik tutoretza saio pertsonalizatua egongo da, sektoreko profesionalek abalatuta.

Aurretik aukeratutako egitasmoek proiektuak prestatzeko lantegi batean hartuko dute parte Zinebiko 60. edizioaren aurreko egunetan, eta azaroaren 13an, Campos Antzokiko Kupula aretoan egingo da proiektuen aurkezpena, egun osoan. Goizez pitching edo proiektuak aurkezteko saioa egingo da batzordearen aurrean, jende guztiari zabalik; arratsaldean bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta zinemagileen eta espezialisten artean. Proiektu dokumental irabazlea zein den Zinebi 60ko amaiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 16an, 20:00etan, Arriaga antzokian.