Zine dokumentaleko ziklo bat eta nazioarteko biltzar bat, Scotland Goes Basque programa bukatzeko

- ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

Actualizado: jueves, 10 octubre 2019 13:04

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Zine dokumentaleko ziklo batekin eta hizkuntza gutxituen hedabideei buruzko nazioarteko biltzar batekin bukatuko da Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean zehar Eskozian antolaturiko #ScotlandGoesBasque programa.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Imanol Otaegi programako zuzendariak, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak, Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana Sra. Polaroiska kolektiboko kideek eta Xuban Intxausti zinemagileak aurkeztu dute ostegun honetan programaren amaierako ekitaldiak, Bilbon.

Horrela, ostiral honetatik urriaren 20ra bitartean, 'Europa Transit' dokumental bildumako hiru lan izango dira ikusgai Eskozian: 'Kaleko dantzariak', 'Mugaminak' eta 'Erresilientzia-soinuak'. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Zeuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika hirietan abiatu zen "kultur enbaxada ibiltaria" izan zen 'Europa Transit'. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru aurkeztuko dira Edinburgon eta Glasgown.

Zehazki, larunbatean, urriaren 12an, Edinburgoko Scottish Documentary Institute delakoan aurkeztuko da 'Kaleko dantzariak'. Sra. Polaroiska talde artistikoak Bulgariako Plovdiv hirian romaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko burututako egonaldia jasotzen du. Proiekzioaren aurkezpena Maria Ibarretxek eta Alaitz Arenzanak egingo dute, eta horren osagarri, bezperan, 'Lur away' performancea taularatuko dute eskoziar hiriburuko Lauriston Hall aretoan.

Halaber, urriaren 17an, Zipren greko-zipretar eta turko-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatuz Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak grabatutako 'Mugaminak' dokumentala aurkeztuko du Edinburgoko St Cecilia's Hall aretoan. Gainera, bertsolaritzaren inguruko hitzaldia emango du.

Zikloa ixteko, urriaren 20an Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan 'Erresilientzia-soinuak' dokumentala aurkeztuko da. Maite Arroitajauregi Mursego eta Vedran Smailovic Sarajevoko biolontxelo jotzailea protagonista dituen filmak musikaren bidez trauma gainditzeko gaitasunaz jarduten du, Bosnia Herzegovinako gerraren ostean egun bizi den egoeratik abiatuta. Jarraian, Mursegoren zuzeneko emanaldia izango da areto berean.

BILTZARRA

Bestalde, Euskal Herriak eta Eskoziak komunean dituzten faktoreen artean daude hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta hauen garapena, eta, hortik abiatuta, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko biltzarra antolatu dute, urriaren 16an eta 17an, Edinburgoko Unibertsitateko The Informatics Forum eraikinean egingo dena.

30etik gora aditu bilduko dituen biltzarraren xedea da hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea eta, aldi berean, unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea.

Aurkezpenean azaldu dutenez, 1980ko hamarkadaren hasieran, Kataluniako, Hego Euskal Herriko eta Galesko telebisten sorrerarekin, hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruko hausnarketa bultzatu zen, eta, azken urteetan, Internetekin, komunikazio sistema globalaren aurrean hedabide horiek dituzten erronken eta aukeren inguruko hausnarketa ezinbestekoa da; hori da, hain zuzen, biltzarrak jorratuko duena.

Besteak beste, landuko diren gaiak dira komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia.

Gainera, akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera hizkuntzak izago dira hizpide.