Zinebi 64 hasiko da ostiralean Sail Ofizialeko euskal film laburren proiekzioarekin

Zinebi 64
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 10 noviembre 2022 12:19

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatutako Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Arriaga antzokiko ateak irekiko ditu ostiralean, azaroaren 11n, eta 64. edizioa hasiko du, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu dituzten euskal film laburren proiekzioarekin.

Aurten Ohorezko Mikeldiak jasoko dituzten bi artistei eskainitako omenaldiaren ondoren erakutsiko dira euskal film laburrak. Hain zuzen, Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarrak eta Iñigo Salaberria zinemagile eta bideo-artista gipuzkoar zendu berriaren senideek jaialdiko ohorezko sariak jasoko dituzte inaugurazio ekitaldian.

Gala 19:30ean hasiko da, Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute lehen aldiz, eta, besteak beste, Merina Gris euskal musika taldea izango da bertan.

Horrela, inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko dira 64. Zinebiren Sail Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko diren euskal film laburrak. Lan guztiak erabateko estreinaldiak izango dira, eta ostegun honetan aurkeztu dira prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Biolboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendaria bertan zirela.

Film laburren egileak ere izan dira agerraldian: Cristina Hergueta 'Alas/Tierra' film laburraren ekoizlea, Txupo Poyo 'Gran Hotel Nazareno' film laburraren zuzendaria, Ainhoa Olaso eta Enara Garcia 'Hemen bizi da maitasuna' film laburraren zuzendariak, Josu Martinez 'Hitzak' film laburraren zuzendaria, Paula Iglesias 'Hondarrak' film laburraren zuzendaria eta Karla Crncevic 'Wild Flowers' / 'Divlje Cvijece' film laburraren zuzendaria. Maria Ines Gonçalves ere izango da lehian, 'The Bath (O banho)' film laburrarekin.

Zazpi filmak berriro proiektatuko dira Golem Alhondiga zinema aretoetako 5. aretoan azaroaren 17an, eta Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000na euro) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) irabazteko aukera izango dute.

Zinebi 64ko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren Sail Ofizialean 57 pelikulek hartuko dute parte eta sariak nazioarteko epaimahaiak emango ditu. Anca Caramelea errumaniar zinema programatzaileak, Hilke Doering Oberhausengo (Alemania) Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunak, Juan Soto Taborda kolonbiar muntatzaile, errealizadore eta artxibozainak, Sabina Urraca idazleak eta Begoña Vicario Arte Ederretako doktore eta animazio zuzendariak osatuko dute aurten epaimahaia.