Zinebik ostiral honetan irekiko du 65. edizioko lehiaketara filmak aurkezteko epea

Arriaga antzokia Zinebiren ekitaldi batean
BILBOKO UDALA
Publicado: viernes, 17 marzo 2023 10:08

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatutako Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ostiral honetan irekiko du epea, martxoaren 17an, zinemagile, ekoizle eta banatzaileek azaroaren 10etik 17ra bitarte egingo den lehiaketaren 65. edizioan parte hartu nahi duten lanak bidal ditzaten.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitako eta gehienez 30 minutuko fikzio, animazio eta dokumental filmak onartzen ditu Zinebik Sail Ofizial-Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarako, eta Sail Ofizial-ZIFF-ZINEBI First Film Nazioarteko atalerako, aldiz, Espainiako Estatuan estreinatu ez eta 2023an ekoitzi diren 60 minututik gorako lehen film luzeak.

Filmen ekoizleek edo legezko ordezkariek eman beharko dute izena Festhome plataformaren bidez (www.festhome.com), uztailaren 18a baino lehen film laburren kasuan, eta irailaren 3a baino lehen film luzeen kasuan.

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten film laburrek honako sari hauek irabazteko aukera izango dute: Zinebiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Publikoaren EITB Saria (3.000 euro) eta SGAE Fundazioa Euskal Gidoirik Onenaren Saria (3.000 euro).

ZIFF-ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten lehen film luzeek, aldiz, ZIFF Sari Nagusia (12.000 euro) eta ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria Saria (2.000 euro) eskuratu ahal izango dituzte.