Zineuskadik "Sinister" beldurrezko filma estreinatuko du euskaraz

Foto: ZINEUSKADI
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 30 octubre 2012 12:05

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EPE-APV eta IBAIA ikus-entzunezko ekoizleen taldeek osaturiko Zineuskadi elkarteak "Sinister" beldurrezko filmaren estreinaldia eskainiko du asteazken honetan, urriaren 31n, Zinema Euskaraz programaren baitan.

   Bere arduradunek gogoratu dutenez, Zineuskadiren helburua herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera ematea da, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntza gisa sustatuz.

   Horrela, Zinema Euskaraz programaren barnean, urteko beldurrezko filma izan daitekeen "Sinister" estreinatuko du asteazken honetan. "Insidious" eta "Paranormal Activity" filmen ekoizleen eta "The Exorcism of Emily Rose" filmaren gidoigile eta zuzendaria den Scott Derrickson-en beldurrezko thriller hau Ethan Hawke-k antzezten du. Zuzendariaren arabera, beldur maila eta intentsitate ezberdinak biziarazten dituen eta ikara psikologikoa naturaz gaindikoarekin nahasten duen pelikula da.

   Sitgesen Zinemaldian eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIII. Astean izan eta gero, "Sinister" euskaraz ikusi ahal izango da, gaztelerazko bertsioaren estreinaldiarekin batera, Donostiako Antiguo Berri, Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen, Gasteizko Yelmo Gorbeia eta Barakaldoko (Bizkaia) zinema-aretoetan.

   "Sinister" pelikulan, Ellison (Ethan Hawke) arrakasta handiko idazlea da. Kasualitatez pelikula txatal batzuk aurkitu ditu etxean. Haiek aztertuta, etxe hartan bertan familia bat nola eta zergatik hil zuten argitu ahal izango duela uste du. Apurka-apurka tragedia hura eragin zuenaren aztarna ikaragarriak aurkituko ditu, eta bere familia guztia arriskuan egongo da.

BESTE ESTREINALDIAK

   Zinema Euskaraz programak beste zenbait film estreinatuko ditu euskaraz datozen hilabeteetan, hala nola "Asterix eta Obelix: maiestatearen zerbitzura","To say goodbye" eta "Comme un chef". Pelikula hauei beste batzuk gehituko zaizkie 2012. urtea bukatu baino lehen.

   Gainera, "Freddy Igeldegi" 3Dko animaziozko pelikula danimarkarra udal zinema-aretoetako sarean ikusgai izango da, hain zuzen ere, azaroaren 1ean Galdakaon; 3an Zumarragan, Zallan eta Oñatin; 10ean eta 11an Elgoibarren eta Amurrion; 17an eta 18an Andoainen; eta 24an eta 25ean Elorrion eta Igorren.

   Bestalde, salgai dauden DVDen katalogoari ("Horton", "Ice Age 3", "Percy Jackson eta Tximista Lapurra", "A-Taldea", "Marmaduke", "Gaua eta Eguna" eta "Chloe") bi film berri batu zazkio: haurrei zuzendutako animaziozko "Rio" eta "Hanburgesa zaparrada".

   Halaber, aurrera darrai filmen proiekzioak dohainik streaming bidez www.eitb.com eta www.kulturklik.net webguneetan. Zinema Euskaraz programak, gainera, hezkuntzan eta eskola-heziketan parte hartzen du bere filmetako askok ikastoletan proiektatuz.

Contenido patrocinado