EAEko ekonomia %4,3 haziko da 2022an eta %2,1 datorren urtean

Ezkerretik eskuinera: Iñaki Barredo, Pedro Azpiazu eta Alberto Ansuategi.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2022 11:18

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiaren hazkundearen aurreikuspenak berrikusi ditu, eta %4,3ko hazkunde zenbatetsi du 2022rako (aurretik %4,5ekoa zen), eta %2,1ekoa 2023rako (aurretik %4,1ekoa zen). EAEko ekonomiaren hazkunde potentzialaren zenbatespena %1,8koa zen pandemiaren aurretik.

Hala jakinarazi dute asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldian Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak eta Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak.

Azaldu dutenez, urteko bigarren hiruhilekoan zenbait gertakarik kolpatu dute "pandemiak dagoeneko ahuldu duen mundu mailako ekonomia". Lehenbizi, mundu osoan aurreikusitakoa baino inflazio altuagoa dago; bigarrenik, Txinan aurreikusitakoa baino desazelerazio handiagoa gertatzen ari da, covid-19aren agerraldien eta konfinamenduen ondorioz eta haren higiezinen merkatuaren ahultasunaren ondorioz; hirugarrenik, Errusiak Ukraina inbaditu izana hazkundea eragozten ari da eta gero eta presio handiagoa eragiten ari da prezioen gainean, batik bat elikagaien eta energiaren kasuetan.

Hori guztia dela eta, Ekonomia eta Ogasun Sailak euskal ekonomiaren hazkundearen aurreikuspenak berrikusi ditu, eta 2022rako %4,3ko hazkundea zenbatetsi du (aurretik %4,5ekoa) eta, 2023rako, %2,1ekoa (aurretik %4,1ekoa).

Enpleguari dagokionez, Jaurlaritzako arduradunek adierazi dute egungo egoerak aurreratzen duela langabezia tasa nabarmen murriztuko dela, eta, horrela, aurten batez besteko tasa %8,8 izango dela eta, 2023an, %8,3ra jaitsiko dela. Horrek esan nahi du 26.000 lanpostu sortuko direla aurten, eta 12.000 inguru datorren urtean.

INFLAZIOA

Bestalde, Jaurlaritzako ordezkarien arabera, inflazioak jarraitzen du "ekonomia garatuen alderdi ahula izaten", eragile ekonomikoek har ditzaketen erabakiak baldintzatzen baititu.

Bada azaldu dutenez, EAEren kasuan, abuztuko Kontsumo Prezioen Indizea (KPI), ezagutzen den azkena, %10,3ra arte igo zen, "eta badirudi goranzko bidea eten egin dela". "Hazkuntza horren zati handi bat elikagaietan eta energian kontzentratzen da, eta dagoeneko hasi dira merkatzen, baina denbora beharko da gainerako produktuetara ere heltzeko", zehaztu dute.

Jaurlaritzako kideen arabera, "inflazioa uneko gakoetako bat da", eta horregatik da garrantzitsua Barne Produktu Gordin (BPG) nominalaren bilakaera ere azaltzea, alegia, BPG euro korronteetan. Horrela, egungo egoerak aurreikusten du aurten BPGren %8,6ko igoera izango dela, 2021ekoaren antzera, eta %5,1eko tasa datorren urterako, hazkunde erreal txikiagoaren eta prezioen bilakaeraren kontrol nabarmenaren ondorioz.

Ekonomia eta Ogasun Sailak datozen hilotan aurreikusten den inflazioaren aldeko bilakaeraren baldintzapean jarri ditu aurreikuspen berriak. Izan ere, inflazioak egoera horretan kontuan hartutako portaera baino iraunkorragoa izango balu, horrek datorren urterako hazkuntza txikiagoa ekarriko luke.