EHUko Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduak prestakuntza duala eskainiko du datorren ikasturtean

EHU
Europa Press - Archivo
Actualizado: viernes, 15 junio 2018 12:36

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lan Harreman eta Gizarte Laneko Fakultateak ematen duen Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduak prestakuntza duala eskainiko du 2018/19 ikasturtean, eta matrikula egiteko epea datorren astean irekiko da, EHUk jakinarazi duenez.

Joan den maiatzean, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak aldeko iritzia eman zuen EHUko Lan Harreman eta Gizarte Laneko Fakultatean ematen den Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduan prestakuntza duala emateko.

Horrela, bada, datorren ikasturtean, graduak irakaskuntza beste era batera emateko bidea izango du, eta ikasketen zati handi bat enpresetan edo erakunde publikoetan osatuko da. Beraz, ikasteko prozesuaren zati batek laneko esperientzia izango du oinarri, eta beste zati bat unibertsitatean bertan beteko da.

Horri esker, 2018/19 ikasturtean bost edo zazpi ikaslek eredu berri horren bidez osatuko dituzte ikasketak. 2019/20 ikasturterako kopurua zabaltzea espero da, eta hamar ikasleri ematea aukera hori. Bestalde, unibertsitatetik kanpoko 17 erakundek erakutsi dute ereduan parte hartzeko nahia. Ibilbide dualak 54 kreditu ditu inguru profesionalean betetzeko, hau da, tituluko kredituen %22,5.

Irakaskuntzako eredu berri honen bidez, EHUk eta Lan Harreman eta Gizarte Laneko Fakultateak prestakuntza integraleko filosofia bultzatzeko helburua dute, eta horrela, ikasleen profesionalizazioa sustatzea, ikasleari inguru sozioekonomikoan txertatzen laguntzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzea ikasleei banako laguntza emanez, irakasle tutoreek hurbileko jarraipena egitea eta enpresek ikasleak aukeratzeko prozesuan parte hartze zuzena izatea.

LAN KONTRATUA

Oro har, Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko ikasleak lan kontratu bidez arituko dira ibilbide dualean, eta hori posible ez denean, adibidez, administrazio publikoen kasuan, laguntzak izango dituzte praktiketako hitzarmenak edo antzekoak ezarrita. Edonola ere, ikasleak eskuratuko duen saria ezin izango da izan lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa. Era berean, ikasleek Gizarte Segurantzako prestazio orokorrak izango dituzte.

Eredu honetan arituko den ikasle bakoitzak tutore bat izango du kanpoko enpresa edo erakundean. Tutore horiek, prestakuntza aldia izango dute eginkizun horretan hasi aurretik.

Ángel Elías Lan Harreman eta Gizarte Laneko Fakultateko dekanoaren ustez, "lorpen handia" da titulazio honetarako, unibertsitatean prestakuntza duala ezartzen duen lehenengoetako bat delako, bai eta ikasleentzat ere, beren tituluan berariaz jasota ageriko delako ikasketa mota honetan aritu direla.