Adimen artifiziala izango da hizpide maiatzaren 10ean Bilbon egingo den 'Zientziaz blai' jardunaldian

Archivo - ChatGPT erabiltzen
Frank Rumpenhorst/dpa - Archivo
Actualizado: viernes, 3 mayo 2024 14:32

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Logos elkarteak 'Zientziaz blai. Zientzia eta gizartea' jardunaldia antolatu du maiatzaren 10erako Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, adimen artifizialak sortu dituen galdera batzuei erantzuteko asmoz. Herritarrei irekitako hiru hitzaldi izango dira eta gaiaren inguruko adituek emango dituzte, adimen artifizialaren aukerak eta erronkak ikuspegi ezberdinetatik azaltzeko.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, 15na minutu inguruko iraupena izango duten hitzaldien ondoren solasaldia egingo da bertaratutakoen artean. Jardunaldia 18:30ean hasiko da, sarrera doakoa izango da lekua bete arte, eta bertaratzerik ez dutenek Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean jarraitu ahal izango dute zuzeneko transmisioa.

Jorratuko diren gaien artean daude alborapen algoritmikoak eta horiek gizarte eskubideetan duten eragina, adimen artifizialean giza joeren presentzia eta teknologia horren eta euskara moduko hizkuntza gutxituen arteko harremana.

Pablo Garaizar Informatika Ingeniaritzako doktore, Psikologian lizentziadun eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea, izango da hizlarietako bat, eta alborapen algoritmikoek eskubide sozial batzuk nola baldintza ditzaketen azalduko du 'Adimen artifizialaz fidatu behar al gara?' izeneko hitzaldian.

Halaber, Psikologian doktore eta Deustuko irakasle eta ikertzaile Naroa Martinezek alborapenen gaia aztertuko du 'Adimen artifizialean dauden giza joerak' hitzaldian, eta Konputazio Zientzietako doktore eta EHUko HiTZ zentroko ikertzaile Itziar Aldabek adimen artifizialaren eta hizkuntzen arteko harremana azalduko du 'Hizkuntza gutxituak eta nola biziraun aro digitalean: euskararen eta LLMen kasua' hitzaldian.

Contador